Fernando Anbustegi alkateak atzoko osoko bilkuran erran zuen «aurten gobernu taldeak aukera eman diela oposizioko taldeei aurrekontuetan kontuan hartu beharreko proposamenak aurkezteko. Baztango Independenteek eta Geroa Baik hainbat proposamen egin dituzte, horietako batzuk aurrekontuetan islatuak. UPNk ez du proposamenik egin».
Baztango Independenteak aitzinkontuaren onarpenean abstenitu ziren, «erranez ez dietela baiezkoa emanen, baina positiboki baloratu dutela gauzak proposatzeko aukera eta aurrekontuetan kontuan hartu izana». UPNk eta Geroa Baik kontra bozkatu zuten. UPNk «ez zuen inolako azalpenik eman ezezko botoaren inguruan», Geroa Baik, berriz, «bizikleta tailerreko aurrekontuak direla argudiatu zuen, inolako anbizio eta sormenik gabekoak».
Anbustegik eta Zurekin Baztan taldeko Iñigo Iturralde zinegotziak azpimarratu zuten «zahar etxeko obrek baldintzatutako aurrekontuak direla, eta gastu arrunteko partida aunitz barnebiltzen dituela, herritarren egunerokoa hobetzera bideratuak».
Aitzinkontua onartu ondotik, gobernu taldeak gogorki kritikatu du «UPNren eta Geroa Bairen jarrera ezkorra». Batetik, «UPNk ez du alternatibarik aurkezten ezta proposamenik egiten Baztanen. Gainera, dauden proposamenak oztopatzen ditu, udalaren ekimenei boikota egitea bertze helbururik gabe».
Bertzetik, Geroa Baik «antzerki politikoa» egin duela salatu dute: «aurrekontuan kontuan hartu dira Geroa Bairen hainbat proposamen, baina kontra bozkatu zuen anbiziorik eta sormenik gabekoak direla argudiatuz, hain zuzen ere, proposamenak egiteko aukera izan zuenean berak erakutsitako anbizio eta sormen falta bera». Izan ere, bilkuran «bertze adibide batzuk paratu zituen gobernua kritikatzeko, baina proposamen horiek ez zituen mahai gainean paratu aurrekontuetan parte hartzeko aukera eman zitzaionean». Gainera, «Nafarroako aurrekontuetan bere talde parlamentarioak bultzatutako dirulaguntza izenduna gauzatzearen aurka bozkatu du». Beraz, «argi gelditzen da antzerki hutsa izan dela, gobernu taldearen aurka joateko helburu bakarrarekin».
Horren aitzinean, EH Bilduk eta Zurekin Baztanek argi utzi dute «aurrekontuen kontra bozkatzean», UPN eta Geroa Bai «baztandarrak oztopatzen ari direla, beren jarrera politikoak erakusten baitu Baztango Udala geldiarazi nahi dutela, horren ondorio guziekin. Bertzeak bertze, adinekoen egoitzan 4 milioi euroko inbertsioaren aurka daude; egoitzak dituen galerak ordaintzeko aurreikusitako 100.000 euroko partidaren aurka daude; kiroldegiko teilatua konpontzearen aurka daude; Baztango ikastetxeak konpontzeko edo hobetzeko obren aurka daude... Laburbilduz, UPNk eta Geroa Baik Baztango herritarren ongizatearen aurka bozkatu dute».