Baztango Udalak 14.755.325 euroko aitzinkontu orokorra onartu du 2026rako

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 27a

Zahar etxeko 2. faseko obrek baldintzatu dute aurtengo aurrekontua.

Atzoko osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena, EH Bildu eta Zurekin Baztanen aldeko 9 botorekin, Baztango Independenteen abstentzio batekin (bertze zinegotzia ez zen bertaratu) eta UPN eta Geroa Bairen kontrako 2 botorekin

Aurtengo aurrekontu orokorrak Baztango Udalaren, Baztan Ikastola eta Zahar etxea erakunde autonomoen eta Lixura enpresa publikoaren aurrekontuak biltzen ditu. Horrela, udalarena 13.517.067 eurokoa da, ikastolarena 963.000 eurokoa, zahar etxearena 275.258 eurokoa eta Lixurarena 912.470,03 eurokoa. Horiek kontsolidatuta udaletxearen aitzinkontu orokorra finkatzen da, 14.755.325 eurokoa.

Horrez gain, Giltxaurdi enpresa publikoaren aurrekontua dago, 620.363,72 eurokoa, eta Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoarena 3.574.019 eurokoa; merkatuko enpresak direnez, ez dira kontsolidatutako aurrekontu orokorraren barnean sartzen.

Gastu nabarmenak

Urtero bezala, ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuen saila eta pertsonal gastuena dira nabarmentzen diren bi atalak, hurrenez hurren, 3.989.871 euro eta 3.198.133 euroko partidekin. Dena den, aurtengo aitzinkontuetako sailik handiena inbertsioei dagokiena da: 4.929.603 euro bideratuko dira. Inbertsio horiek finantzatzeko bide nagusiak hauek izanen dira: 1.177.403 euro aurrezki garbia, 1.337.170 euro dirulaguntzak eta 2.000.0000 euroko mailegua zahar etxeko obren bigarren faserako.

Izan ere, aurreikusitako inbertsioen artean, handiena Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko 2. faseko obrara bideratuko dena nabarmentzen da: 4 milioi euro. Erdia maileguan hartuko du udalak, eta EH Bilduren talde parlamentarioari esker milioi bat euro erdietsi dira. EH Bilduk Nafarroako aurrekontuak aitzinera ateratzeko babesaren truke egindako negoziaketaren ondorioz milioi bat euro hartuko ditu Baztango Udalak. Falta den milioia udalak paratuko du bere funtsetatik.

Baztan kiroldegiko teilatua ere konponduko dute 200.000 euroko inbertsioarekin. Hori finantzatzeko Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan 87.000 euroko dirulaguntza izenduna erdietsi du, gainerakoa udalak ordainduko du.

Bertze inbertsio batzuk ere egin dituzte, adibidez, basogintza jardueretarako 145.000 euro; nekazari azpiegituretarako 77.500 euro; Erdizko asketarako 17.000 euro; LED argiteria ezartzeko 58.700 euro; kirol instalazioetan obrak egiteko 34.118 euro; eguzki plaka jartzeko 70.000 euro; ikastetxeetan lanak egiteko 102.500 euro; eta ur hornidura hobetzeko 69.850 euro.

Aurten hartzea aurreikusten den mailegu berriarekin udalaren zorpetze-maila % 46,5ekoa izanen da, legeak finkatzen duen % 110eko mugatik arras urrun. 

Akitzeko, osoko bilkuran 2026ko udaleko plantilla organikoa ere onartu zuten. EH Bildu, Zurekin Baztan eta Geroa Bairen aldeko 10 boto, UPNren kontrako boto bat eta Baztango Independenteak taldearen abstentzioa izan zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun