(H)ilbeltzaren 12. edizioko egitaraua aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 16a

Iruñeko Karrikiri elkartean egin zuten aurkezpena atzo arratsaldean. (H)ilbeltza.

Ilbeltzaren 19tik 25erat eginen dute aurten Euskal Nobela Beltzaren Astea, eta literatura beltza erdigunean paratuz, formatu desberdineko ekitaldi ugari antolatu dituzte Arizkun, Aniz, Irurita, Elizondo eta Erratzun

(H)ilbeltza ekimeneko kide guztiak Iruñeko Karrikiri elkartean bildu ziren atzo, Bira Produkzioak taldeko Beñat Iturriotzekin batera, aurtengo Euskal Nobela Beltzaren Astea aurkezteko. Ainara Urrizak eta Aitziber Zapiainek egin zuten 12. edizioaren aurkezpena, 'Izan zaitez lekuko' lelopean.

Adierazi zutenez, «euskaldunok piztu dugun su erraldoi honetan (H)ilbeltzak ere gar hori hauspotzen segitu nahi du. Aurtengo leloa pizkunde horren parte izateko gonbita da». 12 urteko ibilbidearen ondotik, «11 urrats eta gehiago emanen ditugu aurten ere, hurrengo pizkundera begira».

Horrez gain, «aipatu nahiko genuke pizkundearen sua bizirik mantendu dadin urtean euskara hutsean egiten diren plazen sarea ere, Doinuele. Kasik hilabetero Euskal Herriko txoko arras desberdinetan izanen dugu plazaren batean parte hartzeko aukera. Sare honen bitartez elkar sostengatu, bizipenak elkartrukatu eta euskaraz bizi den komunitatea ondartu nahi dugu». Ilbeltzaren 21ean eginen dute aurtengo Doinueleren aurkezpena Iruñean.

(H)ilbeltzaren egitaraua

  • Ilbeltzak 19, astelehena. 'Idazleekin solasean' saioarekin abiatuko dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Arizkunen. Amaia Apalauza idazleak iaz VIII. (H)ilbeltza bekarekin euskaratutako Guillem (Nuria Cadenes) liburua aurkeztuko du Medikuaren etxean 19:30ean.
  • Ilbeltzak 21, asteazkena. Ernesto Prat lekaroztarrak Muga hautsien hegalak liburua aurkeztuko du eta bere trilogiaz mintzatuko da, Ainara Urrizaren gidaritzapean. Anizko elkartean 19:00etan izanen da hitzordua.
  • Ilbeltzak 23, ortziralea. Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) filma proiektatuko dute Iruritan, eta ondotik solasaldia izanen da Nere Pagola zinemagilearen eta Zigor Etxebeste zinema adituaren eskutik. Gizarte Bilgunean 19:00etan izanen da proiekzioa.
  • Ilbeltzak 24, larunbata. 'Basque noir edo euskal nobela beltza?' mahai ingurua aurkeztuko dute Elizondon. Bertan parte hartuko dute Bea Salaberri eta Aingeru Epaltza idazleek eta Reyes Ilintxetak gidatuko du saioa, 11:00etan Arizkunenean.
  • 14:00etan bazkaria izanen da Erratzun eta txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbiderat idatziz eskuratzen ahal dira. Jakinarazi dutenez, gutti gelditzen dira. Bazkalondoan hiru liburu aurkezpen izanen dira, Uxue Reyren gidaritzapean: Miren Agur Meabek Amorante frantsesa aurkeztuko du, Amaiur Epherrek Haize beltza eta Iñaki Dorronsorok Azpijokoa Azpiazun. Ilunabarrean, berriz, 'Izar bat eskuan' susmagarrien gaua eginen dute Erratzuko ostatuetan barna.
  • Ilbeltzak 25, igandea. Itzuli beltzaren txanda izanen da 11:00etan. 'Isiltasunerat errendituak' izenpean, Erratzuko kanposantutik abiatuko da eta Josune Gorostegi eta Tania Fornieles izanen ditu aktore lanetan.
  • Akitzeko, Mairu antzerki taldeak Pinpilipauxa horiak emanaldia taularatuko du Iruritako Gizarte Bilgunean 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun