Martxan da (H)ilbeltza bekaren X. edizioa

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 13a

Aurtengo deialdia liburu bat euskaratzeko izanen da, Friedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberri beltza hain zuzen.

Bertze urte batez (H)ilbeltza beka abiatu dute Baztango Udalak, Txalaparta argitaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak, euskal literatura beltza sustatzeko helburuarekin. Iaz narratibako lan baten idazketa saritu zutenez, aurtengo edizioak nobela baten itzulpena lagunduko du: Friedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen. Beka 6.000 eurokoa izanen da, bi zatitan emanen dena: erdia aurtengo maiatzean eta bertze erdia idatzia akitzerakoan.

Deialdian parte hartu nahi dutenek eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki lehenbiziko eta bigarren atalari dagozkionak. Pasarte hori eskuragarri dago ilbeltza.blogspot.com eta baztan.eus webguneetan. Martxoaren 16ra arte, egun hori barne, aurkezten ahalko dira lanak Baztango Udaleko erregistroan, PDF formatuan edo paperean.

Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango Udalaren ordezkariak, Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxearen ordezkariak eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa Amaia Apalauzak osatuko dute. Jasotako idatzi guztiak aztertuko dituzte eta horien arteko bat irabazle izendatuko dute apirilaren 29a baino lehen. Idazle saridunari hurrengo (H)ilbeltza sormen bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio.

Bekaren oinarri guztiak eta parte hartzeko eskabidea eskuragarri daude (H)ilbeltzaren webgunean.

Bederatzi lan saritu

Orain arte bederatzi dira (H)ilbeltza beka lortu duten egileak. Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Zazpigarren irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, eta Amazurtza nobela aurkeztu zuen joan den urtean. Hurrengo saritua Amaia Apalauza izan zen, eta aurtengo (H)ilbeltzean aurkeztuko du Núria Cadenesen Guillem liburua euskaratua. Azkenik, iazko sariduna Gaizka Sarasola izan zen, eta Mug(H)erri I lana 2027ko (H)ilbeltzean aurkeztea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun