Nafarroako Lurralde Kohesiorako Departamentuak abenduan jakinarazi zuen hainbat bide egokitu eta zolaberritzeko inbertsioak onartu zituztela, tartean eskualdeko hainbat herritako lanak. Orain zortzi inbertsio gehiago sartu ditu, horietako bat NA-8303 errepidean, hau da Oronoz-Mugairirat doan eta herria zeharkatzen duen errepidean. Zehazki, zoladura eta sareak zaharberritzeko 773.810,07 euroko inbertsioa aurreikusi dute eta 603.124,93 euroko ekarpen probisionala egin du departamentuak. Lanak 2026-2028 urteen artean eginen dira.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak 2026-2028 plangintzan berriki sartutako 67 jarduerei, bertze 82 jarduera gehitzea aurreikusi du, tokiko 78 erakundetan egiteko. Horretarako gobernuak 7,2 milioi euro jarriko ditu, 15 milioiko inbertsioa sortzeko.
Jesus Maria Rodriguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «plangintza garrantzitsua da, Nafarroako toki erakundeetan azpiegiturak eta, beraz, herritarren bizi kalitatea hobetzeko ziurtasuna sortzen baitu. Horrekin lurralde kohesioa bultzatu eta nafarrek baldintza berdinetan bizitzeko aukera izatea errazten dugu, udalerrien tamaina edozein izanda ere».