N-121-A

Iruñea-Irun errepide zatian bertze radar bat martxan laster

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 2a

Belateko eta Almandozko tunelen arteko radarrak beherantz neurtzen du abiadura.

Radar berri hau Iruñea-Irun errepide zatian instalatu duten laugarren radarra da eta urte hondarraz geroztik «proba fasean» dagoela abisatu du Amparo Lopez kontseilariak. Bertze bi radarrak ez bezala, laugarren hau ez da radar arrunta izanen, «tarteko radar» bat izanen baita, eta, zehazki, Lantz-Mugairi tartean ibilitako batez bertzeko abiadura neurtuko du.

Zer da tarteko radar bat?

Nafarroan horrelako bi instalatu berri dituzte: A68 autobidean bat, Cortes-Tutera tartean, eta N-121-A errepidean bertzea, Lantz-Mugairi tartean. Bi punturen arteko radar hauek ez dute ohiko radar finko baten gisa funtzionatzen. Izan ere, tarteko radarrak pausarik gabe grabatzen duten kamera sistema batean oinarritzen dira, eta ibilgailu bakoitzaren matrikula identifikatzen dute tartearen hasieran eta bukaeran. Ordenagailu batek matrikula berdinak erlazionatzen ditu, pasatutako denbora neurtzen du eta horrekin batez bertzeko abiadura kalkulatzen du. Ibilgailu batek ezarritako abiadura gainditzen badu (% 7ko errore tartea kontuan hartuta), radarrak bere lana egiten du eta isuna jakinarazteko prozesua abiatzen da. 

N-121-A izanen da radar gehien duen Nafarroako errepidea

Orain proba fasean hasi den Lantz-Mugairi tarteko radar honekin, N-121-A errepidea da radar gehien duen Nafarroako errepidea. Lehendik zazpi radar finko zeuden lanean, eta zazpi radar horietatik hiru N-121-A errepidean zeuden: Lesakan, Almandozen eta Arraizko Bentan. Hemendik aitzinera lau izanen ditugu.

Hauek dira Nafarroako zazpi radar finkoak:

  • Lekunberri parean, Leitzarango autobia (A-15), 127,6 kilometroan, Iruñeko noranzkoan.
  • Altsasu parean, Iparraldeko autobia (A-1), 401,5 kilometroan, iparralderantz.
  • Cintruenigotik hurbil, N-113 errepideko 91,3 kilometroan, Iruñeko noranzkoan.
  • Belateko eta Almandozko tunelen artean, N-121-A errepideko 32,5 kilometroan, Irungo noranzkoan..
  • Murchante parean, Vasco-Aragonesa autobidea (AP-68), 218,2 kilometroan, Zaragozako noranzkoan.
  • Arraizko Benta parean Belate aldetik, N-121-A errepideko 25,7 kilometroan, Iruñeko noranzkoan.
  • Etxalarko Benta eta Lesaka artean, N-121-A errepideko 60,2 kilometroan, bi noranzkoetan

Horiek horrela, N-121-A errepidea da radar gehien duen Nafarroako errepidea.

Arraizko Bentan dagoen radarra (50 km/orduko), Iruñeko noranzkoan.

Lesakako radarra (80 km/orduko), Etxalarko Benta eta Amixelaieta tunelaren artean dago, Irungo noranzkoan

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun