ASNABIn eskertu nahi dugu liburutegiaren egoeraz dugun kezka eta interesa. Kezka partekatzen dugu eta oinarrizko zerbitzu hau babestu nahi duen edozeinen gogoeta baloratzen dugu. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela funtsezko hainbat kontu argitzea.
1. Liburutegia ez da soilik lokal ireki bat
Liburuzain baten lana «irekitzera, ixtera edo argia piztera» murrizteak ez du errealitatea islatzen. Lan profesionalaren baitan biltzen dira funtsen kudeaketa teknikoa, jendeari arreta espezializatua ematea, dinamizazio kulturala antolatzea, informazio-gaitasunetan formakuntza ematea, bildumaren hautaketa egitea eta hura mantentzea, espazioa antolatzea eta informazioa denendako berdintasunean eskuratzeko aukera bermatzea. Horrelako ezer ezin da autogestioz egin, ezta makinekin ordezkatu ere.
2. Automatizazioak lagundu egiten du, baina ez du profesional bat ordezkatzen
Maileguak eta itzulketak arintzeko sistemak daude, baina liburutegi batek ezin du autozerbitzu gisa funtzionatu. Makina batek ez die zalantzei erantzuten, ez ditu erabiltzaileak prestatzen, ez du premiarik antzematen, ez du gorabeherarik konpontzen, ez die kolektibo ahulei laguntzen, eta ez du dokumentu-funtsa zaintzen. Teknologiak langilearen lana osatzen du; ez du ordezkatzen.
3. Autogestioa ez da alternatiba onargarria zerbitzu publiko batean
«Langilerik gabeko liburutegi» ereduek arazoak sortzen dituztela erakutsi dute: espazioa hondatzea, funtsak galtzea, segurtasunik ez eskaintzea eta argiki desberdinkeria sustatzea dakartzate. Liburutegi batek egunero langile kualifikatu batek artatua izatea behar du. Liburuzainik gabe, gelditzen dena ez da liburutegi bat: liburuak dituen lokal bat baizik.
4. Arazoa egiturazkoa da eta ez da konpontzen zerbitzua prekarizatuz
Lanpostuak betetzea zaila bada ere, irtenbidea ez da profesionalak alde batera uztea, baizik eta deialdiak arintzea eta baldintza duinak eta langile prestatuak erakartzea ahalbidetuko duen egonkortasuna bermatzea. Lanpostu bat zatitzeak edo beste herri batetik aldizkako bisitak planteatzeak ez du bermatzen zerbitzu jarraitu eta funtsezko baten funtzionamendu egokia.
5. Nafarroako Gobernuaren aurrerapausoak
Badakigu Nafarroako Gobernua pausoak ematen ari dela egoera hau hobetze aldera:
- Plantillak indartzeko eta lanpostuak egonkortzeko lanean ari da, baina momentu hauetan kointzidentzia zaila suertatu da: egungo aldi baterako kontratazio-zerrendak ia agortuta daude, eta, aldi berean, oposizio berriak urtarril bukaeran hasten dira. Horrek behin-behinean mugatzen du lanpostuak betetzeko gaitasuna.
- Hala ere, Nafar Lansarerekin lanean ari dira egungo egoerari behin-behineko konponbidea emateko.
Egoera horrek blokeoa eragin du, bai Baztanen, baita beste udalerri batzuetan ere, baina espero dugu lan poltsa hautagai berriekin berriz martxan jartzen denean konponduko dela.
6. Tokiko erakundeen kudeaketa
Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko liburutegi guztiak Nafarroako Gobernuaren eta liburutegia dagoen herrietako udalen arteko hitzarmen baten bidez kudeatzen dira.
Nafarroako hainbat udalek dituzte liburutegiko langile propioak (bakarrik edo taldean lan egiten dutenak, Nafarroako Gobernuak kontratatutako langileekin batera), eta, horretarako, toki entitateek langileak hautatzeko beren prozesu publiko propioak abiatzen dituzte edo Nafar Lansarerekin elkarlanean aritzen dira.
7. Liburutegietako profesionalak ez gara apaingarri bat
Profesionalik ez dagoenean, zerbitzuak liburutegi izateari uzten dio. Horregatik, benetako galdera da: Lokala irekita mantendu nahi dugu, edo liburutegi zerbitzu bat izan nahi dugu? Lehenengorako, giltza batekin aski da. Bigarrenerako, langile kualifikatuak behar dira.
8. Gure konpromisoa
ASNABIk edozein liburutegi publikok liburutegiko langile kualifikatuak izan behar dituela defendatzen jarraituko du beti. Izan ere, benetako galdera ez da nola mantendu eraikin bat irekia, baizik eta nola bermatu zerbitzu bizia, erabilgarria eta bidezkoa herritar guztientzat. Eta horretarako, erantzuna argia da: liburuzainik gabe, ez dago liburutegirik.