Sarri aipatzen da arazoak aukera izan daitezkeela, eta, liburutegietan orain gutxi arte hainbat ordu igaro dituen honek zenbait ideia plazaratu gura lituzke Baztango liburutegiaren itxieraren inguruan, arazo honi irtenbide bat eman nahian edo.
Hasteko, Interneti galdegin diot liburuzainen lanak zertan datzan eta bere emaitzak eman dizkit. Nahiz eta zerrenda luzea izan, hemen aipagarrienak: liburuen kudeaketan jardun eta irakurzaletasuna bultzatu.
Bai, itxiera honen irtenbide errazena langile berri batek plaza hori hartzea da, baina, lurralde honetan lan deialdietan dabiltzanek (zabiltzatenok) badakite zein zaila den langileak lortzea, aipatuko ez ditugun hainbat arrazoi tarteko. Langabezian dagoen bati ere eska dakioke, baina ez da egiten. Bitartean, zer, liburutegia itxita mantendu? Noiz arte?
Erabiltzaile izan naizenetan, tokia ikasteko edo lan egiteko eremua izan da. Nire kasuan hango langilearekin izandako tratua «kaixo eta adio» binomiora mugatu izan dela laburbildu daiteke. Orain, langilerik ez dagoela, ikasteko edo beharrerako falta den bakarra eraikina ireki, itxi eta argiak piztu eta itzaliko lituzkeen figura da, besterik ez. Langilerik ez badago, eta epe motzean aurreikusten ez bada, autogestioz funtziona dezake honek? Funtzionamendu eredu honen aurkakotasunak: lekua guztion artean zaindu beharra, materiala zainduz. Baina helduak gara, ez? Bai gu, baita liburutegia darabilten nerabeak ere, ezta? Atezaina beharko litzateke, edo behar hori bete.
Bestetik, erabiltzaileon aldetik, bigarren erabilera garrantzitsuena liburuen kudeaketari dagokiona da: etxera irakurtzeko daramagun liburua eta gurean egon ostean itzultzen duguna. Prozesu hau automatizatuko bagenu? Imajinatu liburutegira iritsi eta liburua itzuli nahi duzula, egoera tipikoa. Liburuzainaren ordez pantaila bat eta bi aukera (gehiago izan daitezke, sinplifikatzeko): liburua itzuli, liburua hartu. Itzuli nahi izanez gero, prozesua:
- Barra kode irakurgailu batetik liburutegiko txartela pasa (beste aukera bat NA sartu txartela galduz gero).
- Itzuli beharreko liburuaren barra kodea irakurri irakurgailu berarekin.
- Pantailan agertuko litzateke liburua non utzi (armairu, apal eta tokiko kode batekin).
- Guk utziko genuke dagokion tokian.
Guztiok ulertzeko kodifikazio sinple batekin armairu, apal... izendatuz. Gure lana liburua dagokion tokian uztea litzateke, besterik ez. Liburuak hartu nahi izanez gero, prozesu sinpleagoa: liburua hartu eta txartela eta berau barra kode irakurgailutik pasatu liburutegitik joan baino lehen (pantaila batean agertuko litzateke zenbat denborarako dugun). Alde negatiboa: liburuak ebastea, dagokion tokian ez uztea... Eta supermerkatu batean bezalako ateak jarriz gero? Soluzioak badira.
Bukatzeko, irakurzaletasuna bultzatuko lukeen figura hori falta da, baita liburuzainek bere egunerokoan dituzten beste betebeharrak egingo lituzkeena ere, autogestioz nekez eta automatizazioz ezinezkoa dena. Honetarako, Iruñean liburuzain lanean dabilen norbaitek betebehar hau balu? Hau da, astean edo bi astean behin Elizondora etorri eta, liburutegia ongi zainduta dagoela ziurtatzeaz gain, bestelako ekintzak eta lanak egiteaz arduratzea.
Testu honen bidez ez da liburuzainen lana gutxietsi nahi izan, gaitz kroniko izan daitekeen bati irtenbide posible bat proposatzea baizik.