Urtea bukatu baino lehen hasiko dira lanak eta 20 hilabeteko epean bulatzea aurreikusten da
Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Oscar Txibitek, «2025 urtea Nafarroako proiektu estrategiko handiei bultzada handia ematea izaten ari da» nabarmendu du. Belateko eta Almandozko tunelak lotuko dituzten obrak hasteko esleipena «oso albiste positiboa da, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak Nafarroako funtsezko azpiegiturak garatzeko bere gain hartzen duen jarraipen konpromisoa islatzen du».
N-121-A errepidea bikoiztea, «gure lehentasunetako bat da, Nafarroako errepide sarean dabiltzanen bide segurtasuna negoziaezina delako». Belateko tunelean induskatutako 1,8 kilometroak gainditu dira dagoeneko, eta asteko zazpi egunetako 24 orduetan ari dira lanean.
Azken sei urteetan, azpiegitura honetan 46 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte, eta, horri esker, 30 kilometro inguru eraiki ahal izan dira. «Nafarroa kohesionatuago, modernoago eta lehiakorrago baten alde lan egiten dugu, eta hori hobeto konektatuta dagoen Foru Erkidego batekin bakarrik lortzen da», adierazi du Txibite kontseilariak.
Obrak
Azaro hasieran, Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Belateko eta Almandozko tunel berrien arteko zatiaren obra zuzendaritza kontratatu du, 840.000 euroko balioarekin. Eginen diren obrek zubibide bat eraikitzea aurreikusten dute. Zubiaren egiturak sei zutabe eta 210 metroko luzera du.
Obrak N-121-A Iruñea-Behobia errepidean 31,360 eta 32,920 kilometroen artean dagoen galtzada bikoizteko izanen dira. Egungo galtzadaren eskuineko ertzetik lur erauzketa egitea proposatzen da, erdibitzaile batez bereizitako bi galtzada egiteko adinako zabalgunea izan dadin. Zabalduta dagoen galtzada berria egungo galtzadaren eskuinaldean kokatuko da, lur erauzketaren zatian, eta gaur egun Iruñerako noranzkoan zirkulatzeko erabiliko da.
Zubibidea etorkizuneko Almandozko tunelaren inguruan dago, eta tunelaren hegoaldeko ahoa dauden tunelen eskuinaldean egonen da, iparralderantz zirkulatuz. Belateko (iparraldean) eta Almandozeko (hegoaldean) tunelen ahoek bat egiten duten tokian, galtzadak banandu egiten dira tunel horiekin ahokatzeko.
Tarte horretan harri lubetari eusteko hormak eginen dituzte, bai eta lur erauzketako ezpondak egonkortzeko eta luizien aurrean babesteko neurriak ere. Halaber, Mendiola auzora sartzeko bideak lehengoratuko dira, eta kaltetutako seinale horizontalak, bertikalak, kartelak eta balizak paratuko dituzte