Ferietan aziendak debekatzearen harira, «erabaki inkoherenteak» hartu izana leporatu dio Elizondoko Herriak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Joan den urteko Elizondoko ferietan hartutako irudia. Aurten ez da halako irudirik izanen. Argazkia: Ondikol.

Dermatosi nodular kutsakorra izeneko gaixotasuna tarteko, azienda feria, lehiaketa eta erakustaldi guztiak debekatzea erabaki zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Horren harira, prentsa oharra zabaldu du Elizondoko Herriak. Elizondoko zinpeko alkateak eta kargudunek sinatutako oharrean «inkoherenteak eta oinarri sendorik gabeak diren erabakiak hartu izana» leporatu diote Nafarroako Gobernuari.

Elizondoko Herriak gai honekin Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera kritikatu du. Hasteko, erabakia «Elizondoko feriak hasteko 30 ordu eskas falta zirenean» jakinarazi izana salatu du, eta erabakiaren berri «prentsa ohar bidez» izan duela gehitu du; «ez digute guri jakinarazi».

«Feriak zapuztu dizkigute»

Nekazariak eta abereak ere gogoan izan ditu Elizondoko Herriak, «ferien sorreraren sustatzaileak» haiek izan zirela nabarmenduz; «eta gaur egun ere, haiek dira asteburu handi honetako protagonistak, feriari xarma ematen diotenak. Haientzat, ortziralekoa urteko egunik garrantzitsuenetakoa izaten da, denak elkartu eta Baztanen abeltzaintzak bizirik segitzen duela ospatzen baitute». Aurten, ordea, «feriak zapuztu dizkigute», erran du Elizondoko Herriak oharrean, eta hala, «ezin izanen dugu Merkatuko Zelaian azienda buru bakar bat ere ikusi, ez behiak, ez bertze aziendarik».

«Elizondoko ferian Baztango abereek baino ez dute parte hartzen eta feriara ez etorrita ere, Baztango larre komunaletan bazkatzen dauden bitartean, hainbertze nekazaritza ustiategitako abereek kontaktuan segituko dute»

Horrekin batera, «Nafarroako Gobernuak inkoherenteak eta oinarri sendorik gabeak diren erabakiak hartu izana eta kaltetutako alderdiei erabakia komunikatzeko orduan izandako gibelatzea eta eraginkortasun falta» salatu ditu Elizondoko Herriak oharrean. Bere hitzetan, «eritasuna behien artean baino ez da transmititzen, eta beraz, behiak debekatuz konpontzen ahal zen». Gaineratu duenez, «Elizondoko ferian Baztango abereek baino ez dute parte hartzen eta feriara ez etorrita ere, Baztango larre komunaletan bazkatzen dauden bitartean, hainbertze nekazaritza ustiategitako abereek kontaktuan segituko dute». Gehiago ere bai: «Azienda feriak debekatu bai, baina abereak Nafarroan barna zein hemendik kanpo garraiatzea ez du debekatu, horrek ekar ditzakeen arriskuekin». 

«Erabakiak hartu eta lehen sektorearen defentsan lan egiten dutela dioten agintari zein politikariak abeltzain ttikiak gero eta gehiago ahultzen ari dira»

Egoera zein den ikusita, «Baztango zein bertze eskualdeetako nekazari, abeltzain zein lehen sektoreko gainerako langileei babesa eta indarra» adierazi nahi izan dizkie Elizondoko Herriak. Argi mintzatu da: «Erabakiak hartu eta lehen sektorearen defentsan lan egiten dutela dioten agintari zein politikariak abeltzain ttikiak gero eta gehiago ahultzen ari dira, beren interes partikularrak baino ez baitituzte babesten». Kontrara, Elizondoko Herriak Baztango abeltzainen eta nekazarien alde lanean aritzeko konpromisoa adierazi du: «Elizondoko Herriak, ahal duen neurrian, Baztango abeltzain zein nekazariak babesten eta laguntzen segituko du, Baztango arima, hein handi batean, bertako nekazariek mendez mende egindako lanari eta borrokari esker eratu delako».

Elizondoko ferietan ez da aziendarik izanen, baina gainerakoa berdin mantenduko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun