«Ikasleak ekintzaile sentitzen dira eta ardura hartzen dute»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Karmentxu ELIZEGI eta Patri LEIZA, Baztan ikastola

Baztan Ikastola 1970ean sortu zen guraso talde baten ekimenez euskarazko irakaskuntza bermatzeko helburuarekin. Horrela, presentzia aktiboa eduki du Baztanen 55 urtez eta aurten, bertze behin, Elizondoko udazkeneko feria egunean, presentzia bermatuko du 6. mailako ikasleek jarriko duten postuarekin. 

Baztan Ikastolak Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarainoko irakaskuntza eskaintzen du, 3 urtetik 12 urtera bitartekoa. Hortaz, seigarren mailara ailegatutakoan ikastolaz agurtzea tokatzen zaie ikasleei eta azken ikasturtea ahalik eta gehien disfrutatzeko eskiatzera joan ohi dira astebetez. Izan ere, haurrek  «gogoan atxikitzen duten bidaia aberasgarria» izaten dela ziurtatu dute Karmentxu Elizegi eta Patri Leiza, Baztan Ikastolako irakasleek: «Etxerat bueltatzen dira anekdotekin, irriz gogoratzen dituzten pasarteekin…». Eskiatzera joan aitzinetik diru bilketak antolatzen dituzte eta udazkeneko feria egunean Merkatuko Plazan postua jartzen dute etxetik ekarritako jaki eta eskulanekin.

«Aunitz estimatu dugu ikastolako komunitate osoaren babesa»

Komunitatearen babesa

Elizegi eta Leiza Baztan Ikastolako irakasleak dira duela 20 urte inguru eta urteak daramatzate seigarren mailakoak eski kanpainarekin laguntzen. Horren bueltan, bidaia zein hura ordaintzeko diru bilketa ikasleek «zirrara handiz» bizitzen dutela aipatu dute. Are, ingurukoen partetik hartzen duten erantzuna eskertzekoa dela nabarmendu dute: «Gurasoak, aitetxi-amatxiak, osaba-izebak, lagunak eta ikastolako gainerako kideak postua jartzerakoan guregana hurbiltzen dira eta jakiak erosten dituzte. Horrez gain, prestaketan parte hartzen dute eta herrian umeak txartelak saltzen ikusten dituztenean laguntzen dute. Hortaz, aunitz estimatu dugu Ikastolako komunitate osoaren babesa».

Pottoka

Dirua biltzerako orduan, ikastolako Guraso Elkarteak bere hazia jarri eta urtero laguntzen du zozketak antolatzen. 90eko hamarkadan hasi zen guti goiti-beheiti Guraso Elkartea zozketak antolatzen eta ordutik, ingurunea aldatu den heinean, dinamikak ere aldatuz joan direla azaldu dute Elizegik eta Leizak: «Guraso Elkarteak dirua biltzeko asmoz pottokaren zozketa martxan jarri zuen 90eko hamarkadan eta urtetan Merkatuko Plazan pottoka egon zen ikusgai feria egunean. Duela bi urte, ordea, euskal txerriaren zozketa egin zuten. Hala ere, joan den urtetik hona animalien babeserako legea dela eta, ezin da animalia bizirik zozketatu eta loteak zozketatzen dituzte horren partez».

Zozketaren egitasmoa aldatuz joan den bezala, ikasleek dirua biltzeko egiten dituzten egitasmoak ere aldatuz joan direla nabarmendu dute: «Lehenago euskal polboroiak eta bonboiak saltzen genituen lehenengo hiruhilekoan, orain, berriz, etxean prestatutakoak saltzen ditugu». Hari beretik, aldaketari «lanaren inportantzia are gehiago azpimarratzeko» ekin diotela adierazi du bikoteak: «Aldaketa egin dugu gure produktuak saldu nahi ditugulako. Haurrek gurasoen laguntzarekin etxean egindako edo bildutako produktu eta jatekoei garrantzia eman nahi diegulako».

Hartu-eman aberatsa

Bertzalde, prozesua ikasleendako irakaskuntza aberasgarria dela argi utzi dute Elizegik eta Leizak: «Arras ekintzaile sentitzen dira eta ardura handia hartzen dute antolaketan eta prestaketan. Egunean berean dena kudeatzen ere lan handia egiten dute eta nekazariei edota feriara agertzen den jendeari agurtzen eta solastatzen dieten modua arras polita da. Hartu-eman aberatsa izaten da».  

Ohiturari jarraiki, urriaren 24an, goiz osoan seigarren mailako ikasleak Merkatuko Plazan izanen dira eta eskaintza zabala izanen dutela azaldu dute bi irakasleek: «Gazi-gozoak eta eskulanak salduko ditugu. Gazi-gozoen artean, gaztainak, giltxaurrak, etxean egindako bizkotxoak, erroskillak, gailetak, patata tortillak, gasna, txistorra…izanen ditugu. Gainera, herrialde aunitzetako ikasleak ditugu eta egun horretan beren herrialdeko pupusak eta pancakeak dastatzeko aukera eskainiko dugu. Eskulanen artean, berriz, gelan eta etxean egindako giltzarriak, eskumuturrekoak, lepokoak salduko ditugu. Horrez gain, guraso jostunen laguntza hartu dugu eta motxilak, poltsak... egin ditugu». 

«Ikasleek norberaren esfortzuarekin eta elkarlanean gauza politak egin daitezkeela ikasi dute eta gogotsu eta energiaz beterik heldu dira feria egunerat»

Gainera, ikasturtea hasi zenetik ikasleak lanean aritu dira ferietako egun handira ongi prestatuta ailegatzeko, beroketa gisa, urriko ortzegunetan ikastolako patioan janari eta eskulanen postua jarri dute. Hortaz, Elizegik eta Leizak argi diote: «Ikasleek norberaren esfortzuarekin eta elkarlanean gauza politak egin daitezkeela ikasi dute eta gogotsu eta energiaz beterik heldu dira feria egunerat».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun