Elizondoko feriak ortzirale eta larunbat honetan izanen dira

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Joan den urtean Elizondoko ferietan, gasna lehiaketako sari banaketan hartutako argazkia.

Zer ikusi, zer erosi eta zer dastatu izanen da aurten ere ferietan. 

Egun seinalatuak dira Elizondoko feriak; bereziak baztandarrendako, baina inguruko herrietako eta Euskal Herriko bertze bazter aunitzetako jendearendako ere plan erakargarria. Arrazoia bat edo bertze izan, egutegian gorriz markatutako egunak.

Udazkeneko lehendabiziko feriak dira, eta aurten, urriaren 24an eta 25ean izanen dira, ortziralearekin eta larunbatarekin. Ortziralean, konparazione, 200 postutik goiti paratuko dituzte Elizondoko karriketan. Makineriaren bueltan ibili nahi dutenek, berriz, Laxoko frontoira hurbildu beharko dute. Horiekin batera, gasna lehiaketa izanen da ortzirale goizeko hitzordu nagusia.  

Gasna lehiaketa 

Aurten laugarren aldiz eginen dute Elizondoko Ferietako Ardi Gasna Lehiaketa. Elizondoko Herriak eta hainbertze eragilek elkarlanean antolatu dute.

Ez da ardi gasna lehiaketa klasikoa, badu berezitasun bat eta herritarrek egiten dute berezi, haiek baitira epaile. Hala izanen dira aurten ere. 10:30etik 11:00etara gasnak bilduko dituzte, eta 11:30ean dastaketa herrikoia hasiko da. Bi euro ordainduta, nahi duenak lehiaketara aurkeztu diren gasnak probatzeko aukera izanen du, eta horren arabera, bere botoa eman ahal izanen du. 13:30ean bildutako botoak kontatuko dituzte eta orduan eginen dute sari banaketa. Trikitilariak giroa alaitzeaz arduratuko dira. 

Pilota partiduak 

Eguna borobiltzeko, 18:00etan pilota partiduak izanen dira. Hiru pilota partidu izanen dira. Lehenbizikoan Eskiroz eta Senar ariko dira; bigarrenean Ezkurdia eta Pello Etxeberria; eta hirugarrenean Dario-Zabaleta, Zubizarreta III.a-Mariezkurrena II.aren kontra. 

Larunbatean gehiago 

Larunbatean emanen diete segida Elizondoko feriei. Bezperan modurik izan ez duenak larunbatean postuz postu ibiltzeko aukera izanen du, eta jakina, nahi eta posible izanez gero, gustatutakoa erosteko aukera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun