«Ahalik eta besta gehienetan brigada moreak aktibatzen saiatuko gara, espazio seguruak bilakatu daitezen»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Ane BARRENETXE BERTIZ, Elizondoko gaztea

«Saltsa guzietan dagoen baztandar gaztea» dela erranez aurkeztu du bere burua Ane Barrenetxe Bertizek (Elizondo, 2006). 

Eta honela segitu du: «Etxean zein betikoekin egotea aunitz gustatzen zaidan arren, motxila egin eta deseginez ibiltzen naiz bi asteburutik behin». Gaur egun bera dena «denborarekin eraiki» duela ere esplikatu du, eta kontent da «mundu utopiko honetan, betikotasunetik ateratzean eta harreman aniztunak sortzerakoan, nire lekua topatzea lortu dudalako».

«Azken boladan», musikari eta sormenari emana omen dabil. Hala aitortu du: «Musika eta sortze munduan aunitz murgiltzen ari naiz. Edozein xokotan barna noalarik, kantari aritzen naiz. Motxilarekin batera, koadernoa eta gitarra beti nirekin hartzen ditut. Igual zait non eta noiz, baina badakit horrek zoriontsu egiten nauela». Baina afizio gehiago ere baditu Elizondoko gazteak: «Bidaiatzea, kirolaz disfrutatzea, besta egitea, esperientziak bizitzea eta harreman sare sendoak sortzea».

«Geroz eta gazte gehiago aditzen ditut astakeria galantak erraten, eta geroz eta ume gutiago ikusten ditut parkeetan jostatzen»

Baditu bere kezkak ere, eta sare sozialek haur, gazte eta nerabeengan duten eragina da momentuko bere kezka nagusiena: «Aste hauetan sare sozialetan mugitzen ari den informazio faltsuaz hausnartzen aritu naiz. Geroz eta gazte gehiago aditzen ditut astakeria galantak erraten, eta geroz eta ume gutiago ikusten ditut parkeetan jostatzen. Ume, nerabe zein gazte aunitzen heziketa hortik abiatzen da eta horrek ikaratzen nau».

Ferietan brigada morea

Elizondoko feriak ate joka izanda, haiei begira dago Barrenetxe. Haurra zelarik ere, maite zituen, eta orduko «oroitzapen ikaragarriak» dituela dio: «Familiaren berotasuna eta herriko goxotasuna etortzen zaizkit burura. Talo bat bazkaldu eta postuz postu pasatzen genuen eguna».

Gaur egun ere, maite ditu feriak, baina «bertze ikuspuntu» batetik: «Gaztea izanda, feriak besta girokoak eta lagunartekoak bilakatu dira». Besta bai, baina borroka ere bai. Izan ere, mugimendu feministan dabil Barrenetxe, eta ferietan, brigada morean parte hartuko du. Bere hitzetan, «Baztango bestak denondako seguruak izateko borrokan dabilen taldea» da brigada morea, eta kontatu duenez, «duela hiru urte hasi ginen brigada moreak antolatzen»: «Momentu hartan uda hurbiltzen ari zen, eta horrekin batera, herrietako bestak. Nolabaiteko tresna eta espazio seguru bat sortu nahi genuen emakumeendako, eta horrela hasi zen. Hasmentan, herriko bestetan bakarrik aktibatzen genituen, baina indarra hartu ahala eta beharrezkoak direla ikusita, udatik kanpoko besta seinalatuetan martxan paratzen hasi ginen». Gaineratu duenez, «besta gehienetan presente egotea lortu dugu». Eta aurten, estreinakoz, ferietan ere hortxe izanen dira.

«Besta gehienetan presente egotea lortu dugu»

Brigada morea aktibatuta, ferietan norbaitek eraso sexistaren bat izanez gero, «zapi morea duen pertsona batengana hurbiltzeko» deia egin du Barrenetxek: «Baina ez erasoa jasanez gero bakarrik, baita zerbait ikusiz gero ere. Zapi morea dugun guziok protokolo bat segitzen dugu, eta beraz, erasoren bat salatuz gero, protokoloa martxan paratzen dugu. Zapi morea duen inor ikusten ez baduzu, ostatuko zerbitzariengana hurbildu, normalean beraiek ere badakitelako zer egin eta norengana jo».

Ekintza puntual horietatik haratago, zer eskatuko lukeen galdetuta, «eskatzen hasita, brigadak beharrezkoak ez izatea», erran du. «Jendeak ardura izatea eta errespetuz jokatzea» nahi luke, «bestak eta espazio guziak seguruak eta denonak izatea».

«Etxetik atera, elkartu, zaindu, partekatu eta gure lekuak sortu behar ditugu, eta hori gure esku dago»

Izan ere, «oraino bestak ez dira espazio seguruak» bere irudiko. «Brigadekin argiago ikusi dugu. Antolatzen zarenean eta erasoak ikusi, jasan, aditu eta partekatzen dituzunean, ohartzen zara oraino espazioak ez direla seguruak guretako». Horren kontra, argi du: «Espazio seguruak sortu behar ditugu, eta gure artean egonez eta antolatuz sortzen ditugu, eta nik uste indar eta segurtasun horrekin joan behar dugula espazioak okupatzera eta ‘gureak ez direnetan’ gure lekua hartzera, edo guretako segurua den bertze bat sortzera». Hauxe da bidea Barrenetxerendako: «Etxetik atera, elkartu, zaindu, partekatu eta gure lekuak sortu behar ditugu, eta hori gure esku dago».

Indarkeria matxistaren kontrako borrokan, «zoritxarrez, oraino egiteko aunitz» dagoela jakitun da: «Egunero indarkeria matxisten berri aunitz hartzen ditugu». Berak, ordea, garbi du: «Bizkitartean borrokan eta elkar sartzen segituko dugu. Horregatik, ahal bezain besta gehienetan brigada moreak aktibatzen ahaleginduko gara, gure herriak eta bestak inoiz baino espazio seguruagoak bilakatu daitezen». Brigada moreek «LGTBIQ+fobikoei ere erantzuten dietela» argituta, «feria onak izateko eta behar bezala jokatzeko» gehitu du. Eta azken mezua «egoten ez dakitenei» igorri die: «Egoten ez badakizu, ez etorri, denondako espazio seguruagoa izanen baita horrela. Gora borroka transfeminista!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun