Elizondoko ferietan Sahararen alde ekarpena egiteko aukera

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Aurkezpen guti behar du Saharaztanek Elizondoko ferietan egiten duen tonbolak. Aspaldikoa eta ezaguna baita egitasmoa, udan Saharako haurrak Baztan-Bidasora ekartzeak sortzen dituen gastuetarako nahitaezko tresna. Aurtengo Elizondoko ferietan ere ez du hutsik eginen. Betiko tokian hantxe izanen dira Saharaztaneko kideak, Pedro Axular karrikako beraien txokoan. 

Irailean, Saharako haurrak sorterrira bueltatu ondotik, hasi ziren tonbolarekin buru-belarri lanean. Halaxe kontatu dio Arantxa Gamio Saharaztaneko kideak TTIPI-TTAPAri. Beti bezala, hasteko, opariak lotzeari ekin zioten: «Ate aunitz jo behar izaten dira; batzuetara zuzenean agertzen dira elkarteko kideak eta bertze aunitzetan lehenbiziko kontaktua e-mailez edo Whatsappez egiten dugu. Hor erantzuna hartzen badugu, opariak hartzera hurbiltzen gara». Gamiok argitu duenez, «aunitzek ez dute erantzuten, baina ez gara horrekin tematzen. Eskualdean gu bezalako egitasmo aunitz dira komertzio eta enpresa ttikiei eskaera solidarioak egiten dizkietenak, eta laguntzeko hainbertze lan ildo izanda, ezezkoa entenditzekoa da». Horrekin batera, zehaztu du «azken urteotan haurrak Baztanen eta Malerrekan» hartuagatik, «eskaera Bortzirietan, Xaretan eta eskualdetik kanpo» egiten dutela eta «erantzunak toki guzietatik» hartzen dituztela.  

Kontent dira opariak biltzeko deialdiak izaten duen harrerarekin, toki guzietatik eta klase aunitzetako opariak hartzen baitituzte: «Opari txartelak, deskontu txartelak, jatekoa eta edatekoak, arropa eta apaingarriak, liburuak, etxetresnak, koadroak, jostailuak... Denetarik». Batzuk tokiko enpresek edo artisauek emandakoak, bertze zenbait eskualdetik kanpoko ekarpenak: museoetarako sarrerak, jolas parkeetarako sarrerak, esne produktuak, kirol klubek emandakoak,...

Bildutako oparien arabera, tonbolako txartelak egiten dituzte: «Izan dira 5.000 txartel atera izan ditugun urteak, 3.000 ere bai... Bildutako oparien eta lanerako prest gauden jende kopuruaren araberakoa da, txartel gehiago izateak ortziralean eta larunbatean txanda gehiago egin behar direla erran nahi baitu. Muntatzeko, opariak antolatzeko eta gordetzeko, salmentarako txandak egiteko...  Lanerako jende aunitz behar da, eta oreka bilatu behar da». Hori bai, «sarituak izanen direnen eta sarituak izanen ez direnen artean ere oreka mantentzen saiatzen gara».

Tonbolaren garrantzia

Tonbolak Saharazten elkartearen behar ekonomikoetarako duen garrantzia handia da: «Gure aldetik lortzen dugun diru iturri nagusia tonbola da, hamarretik zortzi». Hortik aparte, «tarteka udal batzuek beraien ekarpenak egin izan dituzte, baita elkarteek edo gazte taldeek ere. Herritarren partetik ere, partikularki, elkartasun keinuak hartu izan ditugu: Zenbait bikotek ezkontzetan gonbidatuei oparitxoak emateko gure materiala erosi izan dute, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskola ttikietan gosari solidarioak antolatuta dirua eman izan digute...». Horiek guziak ongietorriak dira.

Saharaztanek, bere aldetik, bere materiala saltzeko postuak paratzen ditu: «Elizondoko eta Doneztebeko ferietan, udan Erratzuko artisau azokan...». Aurten, gainera, badituzte nobedadeak: «Duela urte batzuk kamiseta eta kirol jertseak egin genituen, baina akitu ziren. Orain dela hiru bat urte, eredu harekin kamiseta beltzak berriz egin genituen. Horietatik neurri handikoak bakarrik gelditzen direla ikusita, aurten ttikiagoak eta bertze koloretan egin ditugu». Kamisetaz gain, «mandatuak egiteko poltsak, boligrafoak, metxeroak eta eskumuturrekoak» saltzen dituzte.

Gainerakoan, Baztango Udalarekin sinatua duten hitzarmena «diru iturri finkoa» dela gehitu du: «Aspaldikoa da, eta arras eskertuak gaude udalaren konpromisoarekin».

Auzolana

Tonbolaren eta Saharaztanen gibelean, «auzolana» dagoela azpimarratu du Gamiok: «Hau ez da udako konpromisoa bakarrik. Modu batera edo bertzera, eta bakoitzak nahi edo posible duen neurrian, urte osoan lotuak segitzen dugu. Aurten, Saharako hamaika haur izan dira gure artean, baina hamaika familia horietaz gainera, aitzinetik harrera familia izan direnen laguntza izaten dugu. Denon arteko auzolana eta elkarlana da». 

«Ikaragarria da jendearen erantzuna. Ferietan jendea zuzenean tonbolako postura etortzen da, arras barneratua dago». 

Arantxa GAMIO, Saharaztaneko kidea

Auzolana, elkarlana eta «jendearen babesa». Tonbolaren inguruan, hori ere nabarmendu du Saharaztaneko ordezkariak: «Ikaragarria da jendearen erantzuna. Ferietan jendea zuzenean postura etortzen da, arras barneratua dago. Bi bat metroko postua izaten dugu, eta lauzpabortz lagun gelditu gabe aritzen gara». 

Akitzeko, guziei «eskerrak» eman nahi izan dizkie Gamiok Saharaztan elkartearen izenean: «komertzio ttikiei, instituzioei eta inguruko herritarrei haien eskuzabaltasunagatik; eta gure materiala erosten dutenei edo Saharaztanen iniziatibetan parte hartzen dutenei ematen duten laguntzagatik, esker mila».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun