Movistarreko telefono eta Internet sareen etenaldien aitzinean konponbideak exijitu ditu Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 23a

Irailaren 18an Movistar enpresako telefono eta Internet sareek etenaldia jasan zuten, bertze behin. Horrela, etenaldi hauek maiz gertatzen direla salatu du Baztango Geroa Baik eta neurriak hartzea exijitu du.

Irailaren 18an, Movistar enpresaren baitako bertze etenaldi masibo batek lau ordu baino gehiago iraun zituen. Ondorioz, 10:03etik 14:15era partikular eta enpresak Internet, telefono eta bertzelako sistema elektronikorik gabe gelditu ziren.

Aurtengo ekainean egoera bera paraitu zen herrian eta horren aitzinean, «kezkati» agertu da Baztango Geroa Bai, gertatutakoa gertakari isolatua ez dela errepikatuz: «Behin eta berriro gertatzen diren akats hauek kalte ekonomiko eta sozial garrantzitsuak eragiteaz gain, berme falta kezkagarria erakusten dute enpresa hornitzailearen aldetik, zerbitzuaren fidagarritasun eta jarraitasunari dagokionez». 

Horrez gain, koalizioak arazo hauek bailarako ekosistema digital osora hedatzen direla aipatu du eta, hortaz,  gertakariak bidegabeak direla argi utzi du: «Onartezina da XXI mende betean, hain emankorra den enpresa jarduera, jarduera soziala eta turistikoa dituen eskualde batean, mota honetako urritasunak pairatzen jarraitzea».

Horrela ba, Baztango Udalari Movistar enpresarekin harremanetan jarri eta azalpenak eskatzeko eskaera egin dio, horren bidetik, etenaldi berriak ekiditeko neurriak exijituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun