Palestina

Palestinaren aldeko ibilaldiak Elizondon eginen duen geldialdia antolatzeko bilera irekia deitu dute ortzegunerako

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 2a

Elizondoko bestetan Palestinari elkartasuna adierazteko egindako argazki herrikoia.

Ibaitik itsasora lelopean antolatutako Palestinaren aldeko ibilaldia Elizondon ibiliko da irailaren 17an eta 18an. Hortaz, egun horietako egitaraua prestatzeko bilera irekia eginen dute ortzegun honetan Elizondon, Txokotoko zubian, 19:00etan.

Ibaitik itsasora lelopean, Palestinari elkartasuna adierazteko ibilbidea, Tuteran hasiko da irailaren 10ean eta Hendaian akituko da irailaren 20an. Hamaika etapatan bereiziko da ibilaldia eta 17an eta 18an Elizondon eginen du geldialdia. 17an Doneztebetik ailegatuko da Elizondora eta biharamunean, Elizondotik abiatuko da Berara.

Ekimenarekin, «Euskal Herri osoan Palestinaren kausa babesten dutenen sarea ikusarazi eta aktibatu» nahi dute, eta horren harira, «Nafarroako elkarte kultural, artistiko eta musikalei jarduera horietan parte hartuz elkartasuna adierazteko» deia egin diete. «Herrietan solasaldiak, musika eta poesia topaketak, film eta dokumentalen proiekzioak, Dabke ikastaroak eta bertze adierazpen artistiko solidario batzuk eginen dira, Palestinako Herriaren genozidioa salatzeko». Hortaz, Elizondon eginen duen geldialdia antolatzeko bilera irekia eginen dute ortzegun honetan, 19:00etan Txokotoko zubian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun