Nor dugu Desirée?
20 urteko neska gaztea. Kanpotik serio xamarra dirudien arren, barnetik alaia dena.
Zer duzu gustuko?
Zaldiekin egotea eta pertsonekin tratatzea ditut gustuko. Gizarte Langile ikasketak egin ditudalako deskubritu dut azken hau.
Nolakoa izan da aurten Elbeteko besten antolaketa?
Urtero bezala, gogotsu eta ilusioarekin hasi nintzen, ideia berriak burutan eta horiek planteatu eta aitzinerat eramateko asmoz. Baina, egia erran, denboraz juxtu ibili gara eta, nahiz eta ideia berri batzuk aitzinerat eraman ahal izan ditugun, erloju kontran ibiltzea izan da gure etsai nagusia aurten.
Berrikuntzak izan direla eta, zein berrikuntza izan dira?
Aurten paella jatea mozorrotuta eginen dugu bazkariari xarma diferente bat eman nahian. Bertzalde, mariatxiak eta mutxikoak ere izanen dira.
Antolatzerako orduan zerbait faltan sumatu duzue?
Zerbait aipatzekotan, herriko helduen iritzia faltan sumatu dugula erranen nuke. Bestak gazteek antolatzen ditugulako, baina denak garelako besten parte. Beraz, adin orotakoen iritziak biltzea komenigarria litzateke.
Nola bizitzen dituzu zure herriko bestak?
Ilusio eta gogo handiz bizitzen ditut orokorrean.
Adinarekin horiek bizitzeko modua aldatu zaizu?
Bai, antolatzen hasten zaren unean ezinezkoa delako aldaketa ez ematea. Haurrago nintzelarik oroitzen naiz bakarrik txupinazo eguna ailegatzea espero nuela. Gaur egun, aldiz, ehuneko ehunean bizitzen ditut egun guziak.
Zer da Elbeteko bestetatik gehien gustatzen zaizuna?
Zikiro jatea eta txopogoratzea. Bietan adin diferentetako herritar guziak elkartzen garelako eta plaza inguruan herri giro polita sortzen delako.
Elbeteko bestak hitzak aditzean zer datorkizu burura?
Herri giro ederra datorkit. Herri ttiki bat garelako, eta data hauetan herritar gehienak elkartzen garelako momentu berean helburu berberarekin, bestak gozatzeko helburuarekin.
Zure helburuak epe motzera?
Herriko bestak disfrutatzea.
Eta epe luzera?
Noizbait erizain bezala lan egin ahal izatea eta Elbeten bizitzen segitzea.