Lanbide aldaketa

«Modu naturalean hartu nuen lan bat utzi eta bertzea hartzeko erabakia»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 9a

Irati USANDIZAGA GARITAONANDIA I Lekarozen bizi den oñatiarra

Ordenagailu aitzinean lan egitetik lehen sektorera. Salto horixe egin zuen Irati Usandizaga Garitaonandia oñatiarrak duela urte batzuk. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea graduak ikasi zituen, eta ikasketak akituta, «lehenbizian aholkularitza estrategikoko enpresa batean» ibili zen lanean: «epe motzera eta luzera enpresen estrategiak pentsatzen eta marrazten, enpresa ttikiak sortzeko diseinuan eta hasierako pausoak nola eman laguntzen… »; eta ondotik, «distribuzio enpresa handi bateko bulego batean aritu nintzen, hor ere arlo komertzialeko estrategiak pentsatzen». Kontatu duenez, «gustuko lana» zuen, «enpresa mundua kanpotik eta barnetik ezagutzeko aukera izan nuen, enpresa ttiki eta handi aunitz ezagutu nituen, bakoitza bere estrategiekin, baita hainbat sektoretako jendea ere».

Baina bizitza pertsonalak hala bideratuta, ordurako egun libreetan Lekarozko Kortariko borda gasnategiko bidea hartzen hasia zen: «Asteburuetan, besta egunetan edo bakantzetan Kortariko bordara etortzen nintzen eta gustura aritzen nintzen hemen lanean. Asteburua ailegatzeko esperoan egoten nintzen, nire deskonexio momentua izaten zen».

Asteburuko kontua izatetik eguneroko kontua izatera

Eta zirt edo zart egiteko momentua ailegatu zen: «Nire bizitza proiektua non garatu erabaki behar izan nuen eta ez nuen duda handirik izan. Nire egunerokotasunak poliki-poliki eraman ninduen eta modu naturalean hartutako erabakia izan zen. Kasik zailagoa izan zen jendeari erratea, aurreiritzi aunitz baitaude».

2021etik Kortariko bordan ari da lanean: «Ardiekin eta behiekin lan egiten dugu, esnea jetzi eta ardi gasnak egiten ditugu. Azarotik maiatzera kasik egunero egiten dugu gasna, eta uda partean, ardiak antzutu ahala eta esnea gutitu ahala, gasna ekoizpena beheititzen da, eta guretako garairik lasaienak uda eta udazkena izaten dira, ardiak mendian daudenean. Gasnategiko eta kanpoko bertze lan batzuk aitzinatzeko probesten dugu». Baina horrekin batera, «modu paraleloan, gasna horien salmenta, banaketa, prestaketak, bidalketak, bisitak...» egiten dituzte. «Sei lagun bizi gara hortik».

«Ikasi dudanarekin zerikusirik ez duela erraten du jendeak, baina oker dabiltza»

Bere kasuan, «gehienbat ardiak jezten, gasnategiko kontuetan eta gestio munduan» aritzen da. Argi utzi du «hau ere enpresa bat» dela. «Ikasi dudanarekin zerikusirik ez duela erraten du jendeak, baina oker dabiltza. Hemen ere edozein enpresatan hartu behar diren erabakiak hartu behar ditugu, eta gero aitzinera atera, exekutatu. Ikasi dudanak honetarako eta edozein enpresatan lan egiteko balio dit». Eta bera, «arras kontent» dago: «Aunitz gogobetetzen nau. Pertsonalki eta profesionalki aunitz hazi naizela uste dut».

Abantailak eta desabantailak

Lehengo lana eta oraingoa mahai gainean paratuta, bakoitzaren alde onak eta txarrak ere aipatu ditu Usandizagak: «Lehen, nire zortzi orduak, ordenagailuan egiten nituen, harat eta honat aunitz mugitzen nintzen, baina beti ordenagailu aitzinean. Oraingo lanean, berriz, egun osoan goiti, beheiti, harat, honat, gasnategira, kanpora… nabil. Lan fisiko handiagoa da, baina alde on bezala aipatuko nuke, ez nagoelakoz zortzi orduz jarrita». Ez hori bakarrik: «Orai, ama izanda, kontziliatzeko erraztasun gehiago ematen dizu zure gisa aritzeak. Batzuetan zailagoa izaten ahal da bi ardurak egin behar dituzulako eta ezin direlako biak batean egin, baina haurrekin egoteko malgutasun gehiago duzu zure gisa arituta».

Hortik haratago, bi lanbideen arten «desberdintasun handiena» honela esplikatu du: «Bertze batendako ari nintzenean, nire bizitza pertsonala alde batetik zihoan, eta bizitza profesionala bertze aldetik. Orain, ordea, nire bizitza pertsonala eta profesionala batera doaz. Nire bizitza proiektu bat da, eta egiatan sinesten dudalako egiten dut». Honela gaineratu du: «Arras aberasgarria da zuk egindako zerbait baloratua dela eta bere tokia duela ikustea, ez delako erraza abeltzaintzako ustiategi bat errentagarria izatea». Gehiago ere bai: «Ekonomia jasangarriago eta zirkularragoaren alde ari gara, ingurumenaren zainketan ari gara... Gizarteari guk uste baino ekarpen handiagoa egiten diogu eta hori nire filosofiarekin bat dator».

«Uste dut zerbaitetan sinesten badugu, beti ere hankak lurrean  izanda, lortzen ahal dela»

Etorkizunean ere Kortariko bordan ikusten du bere burua: «motibatzen nauena eta benetan sinesten dudana egiten. Uste dut zerbaitetan sinesten badugu, beti ere hankak lurrean izanda, lortzen ahal dela. Lana, sakrifizioa eta esfortzua ezinbertzekoak dira, egun txarragoak eta hobeak izanen dira, baina lana konstante eginda, lortzen ahal da. Hori lortzeak indar handia ematen du eta merezi du».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun