N-121-A

Belateko tunelak bikoizteko aurrekontuak 8,5 milioi euroko gainkostua izanen duela adierazi du Txibite kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 24a

Gobernu bileraren ondotik, Oscar Txibite kontseilariak Belateko tuneletako lanei buruzko azalpenak ematen.
  • Hasieran aurreikusitako 67,8 milioietatik, obrak lizitatu eta bi urtera aurrekontua 75,3 milioira (BEZik gabe) altxatu dela adierazi du Oscar Txibite Lurralde Kohesiorako kontseilariak.
  • Une honetan, «obrak martxa onean doazela» baieztatu du Lurralde Kohesiorako kontseilariak. Almandoz aldeko ahotik sartuta 830 metro zulatu dituzte, eta Arraizko Bentaren aldetik ere hasiak dira zulatzen dagoeneko. «Obraren %20 inguru gauzatu da».

Atzo, gobernu bileraren ondotik egindako prentsaurrekoan Txibite kontseilariak azaldutakoaren arabera, Belateko tunelen bikoizketa «Nafarroako Foru Erkidegoan egiten ari den obrarik konplexuena da, eta ustekabekoek behartzen gaituzte erabakiak hartzera, obra egiten ari den bitartean segurtasun handiagoa bermatzeko, Bidasoko eta Ultzamako arroetan ingurumen kalteak saihesteko eta obraren egitura bera berme handiagoarekin egiteko».
Aurrekontua igotzearen arrazoi nagusienen artean, kontseilariak funtsezko hiru faktore aipatu zituen
Batetik, lurraren morfologia, proiektua egin  aitzinetik egindako zundaketek adierazten zutena baino okerragoa; bigarrenik, menditik ateratzen den ur kopurua uste baino handiagoa dela; eta, azkenik, kanpoko erakundeek ezarritako eskakizun teknikoak, hala nola Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak eta Ebroko eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoek.
 
Aurrekontuak dituen kapitulu garrantzitsuenen artean, tunelaren indusketaren kostua 25 milioi eurotik 26ra igaro da, % 1,54ko igoera (1.042.000 euro). Leherketak eta bitarteko mekanikoak erabiltzen segituko bada ere, horretarako erabiltzen duten teknika egokitu eginen dute Nafarroako Gobernuaren Industria Departamentuak horrela eskatuta. Izan ere,  aurkitu dituzten harri moten ondorioz, segurtasun neurri zorrotzagoak erabiltzea aholkatzen dute.
 
Tunelaren sostenguak % 5,7ko igoera izanen du, aurreikusitakoa baino 4 milioi euro gehiago. Barneko egiturak eta zertxak indartu eginen dituzte, metro linealeko 14 kilotik 43 kiloko jasangarritasunera handituz, gobernuaren Energiaren Zuzendaritza Nagusiak proposatuta.

Araztegietan, berriz, aurrekontuaren hazkundea % 2,4koa izanen da, aurreikusitakoa baino 1,6 milioi euro gehiago. Segundoko 8 litroko edukiera duten araztegiak proiektatzetik segundoko 40 litroko edukiera duten araztegietara igaroko da orain, lurzorutik datorren ur bolumenera egokitzeko eta konfederazio hidrografikoek eskatutako ingurumen baldintzak betetzeko.
 
«Obraren % 20 egina»
Obrek momentu honetan duten egoerari dagokionez, Oscar Txibite kontseilariak adierazi zuen dagoeneko 830 metro baino gehiago induskatu direla tunelaren iparraldeko ahoan, eta hegoaldeko ahotik ere indusketa hasi dutela. Denera, «egin beharrekoaren % 20 inguru burutu dute».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun