USP

«Kurtsoa baino gogorragoa egiten zaie gero zer egin behar duten aukeratzea»

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 21a, 13:00

Jeannie TELLETXEA MAYO, Matematikako irakaslea

35 urtez Lekaroz institutuan Matematikako irakaslea izan ondotik, aurten hartuko du erretiroa Telletxeak. Bere hitzetan, «atseden hartzea tokatzen zait», baina argi utzi du hauetan «hagitz gustura» ibili dela lanean.

Tarte horretan «aldaketa aunitzen» lekuko izan da Telletxea: «Arlo guzietan izan dira aldaketak: ikasleen artean, irakasleen artean, gaietan... Gizartea ere aldatu da». Unibertsitatera Sartzeko Proba ere «aldatu» dela dio: «Ikasturte honetakoa ez da aldatu duten lehenbiziko aldia izan». Bere ustez, «Covid garaiko eredua aldatu izana ikasleen mesederako izan da, hura batez ere ikasle onen kalterako izan zelako. Eredu hartan zortzi galderen artean lau zituzten aukeratzeko. Iduri du aukeraketa ona egiten ahal zutela eta dena ikasi gabe uzten ahal zutela, baina gurean azterketa zaildu zuten. Horregatik nahiago dut oraingo eredua».

«Denbora aldetik beti gaizki ibiltzen gara, Matematika hagitz arlo zabala delako eta ez digutelako inoiz mugatu zer sartu eta zer ez»

Onartu du denbora aldetik «beti gaizki» ibiltzen direla, «Matematika hagitz arlo zabala delako eta ez digutelako inoiz mugatu zer sartu eta zer ez». Eta ikasturte hau ere hala izan da: «Gehiago zehaztea nahi genuen baina betiko moduan ibili gara, denbora aldetik estu». Horri erantzunez, «bigarren Batxilergoko zama arintzeko, zati bat lehenbiziko mailan sartuz» moldatzen omen dira.

Bertzalde, aurtengo probak konpetentzietan oinarrituagoak izatearen harira, «Matematikan dena konpetentzietan oinarritua» dela azpimarratu du: «Hori da Matematikaren oinarria, gauzak nola aplikatu jakitea. Denek hola beharko lukete, ikasleek ikasi dutenarekin edozein gauza egiteko kapaz izan, buruz ikasi gabe». Gainerakoan, Unibertsitatera Sartzeko Proban egin dituzten aldaketak «Matematikan ez dira hainbertzekoak izan» bere irudiko.

Eta bigarren Batxilergoa tentsio handiko garaia ote den galdetuta, hauxe dio: «Ikasleentzat DBH 4tik Batxilergora pasatzean izaten da salto handiena, lehenbiziko Batxilergoa eginda, bigarrena ez baita hain zaila. Kurtsoa bera baino gogorragoa egiten zaie gero zer bide hartu nahi duten aukeratu behar izatea. Orain arte kurtso bat bata bertzearen gibeletik egin dute, denek elkarrekin, eta 2. Batxilergoan aukeratzeko momentua ailegatzen zaie».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun