USP

«Zientzietan betitik saiatu gara ikasketa 'konpetentziala' aplikatzen»

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 21a

Juantxo SAENZ DE CABEZON SALABERRIA, Fisika eta Kimikako irakaslea

1991-1992. ikasturtetik Lekaroz institutuan ari da Saenz de Cabezon. Fisika eta Kimikako irakaslea da eta «zehazki, bigarren Batxilergoan Kimika» erakusten duela zehaztu du.

Unibertsitatera Sartzeko Probaren eredu berriak «berandu» ailegatu zitzaizkiela baieztatu du, baina hala ere, hori ez da oztopo izan beraien martxan: «Berandu ailegatzeak ez du zailtasun berezirik ekarri ikasgaiaren garapenean. Kimikari dagokionez, gauzak arras ongi zehaztu zituzten. Institutuko koordinatzaileak eta unibertsitatekoek emandako azalpenak arras baliagarriak izan ziren».

«Aukerakotasuna aunitz murriztu da»

Aldaketa nagusia «azterketaren egituran eta aukerakotasunean» sumatu du: «Covidaren ondotik, bi azterketa eredu ziren, bakoitzak bortz galdera zituen eta ikasleek hamar galdera horietatik bortz aukeratu behar zituzten. Eredu berrian, azterketa bakarra izan dute, lau galdera eta laurak egin behar izan dituzte. Aukerakotasuna aunitz murriztu da». Honela gaineratu du: «Orain arte, aukera gehiago izanda, nota ona behar zuten ikasleek ez zuten gaitegi guzia prestatu beharrik, erdiarekin nahikoa zuten. Oraingo ereduak, aldiz, gaitegi guzia errepasatu behar izatea eskatu die eta hala egin dutenek aukera gehiago izan dituzte nota hobea lortzeko».

Bertzalde, probak konpetentzietan oinarrituak izatea ez da kontu berria izan beretako: «Zientzietako ikasgaietan, konpetentzietan oinarritutako ikasketa aplikatzen betitik saiatu gara. Azken batean, ikasleek zera egin behar dute: galdera ongi leitu, entenditu eta ikasitakoa testuinguru konkretu batean aplikatu».

Unibertsitatera sartu nahi dutenendako proba honek duen «berebiziko garrantzia» ere aipatu du eta ondoko ikasturteetan, aldaketa gehiago izanen direla aitzinatu du: «Aldaketak gradualki ezarriko dituzte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun