Horrez gain, «zopen eguna aunitz gustatzen zait. Indar handiz hartzen dugu eta herrian giro ona egoten da; adin guzietako jendea biltzen gara. Gazte bazkaria ere maite dut, bestondoak disfrutatzen uzten badizu egun xarmanta izaten da! Aurten, gainera, larunbatarekin suertatu da, beraz, ondotik arratsaldeko kontzertuaz gozatzeko aukera izanen dugu».
Bestaz disfrutatzeko, ordea, lehenbizi dena antolatu behar. Aurten damunausi (danbolin nagusi) da Mugiro, eta azaldu duenez, «urtero lau izaten gara. Orain arte gazte bakoitzak bi urtez egiten zuen, baina azken urteetan gazte gehiago garenez, gehiengoak urte bakarrean egiten du. Normalean boluntario izaten gara, eta inor aurkeztuko ez balitz, zozketa eginen litzateke, baina ez dakit noizbait hala tokatu den».
Aitortu duenez, «gauza aunitz izaten dira lotzeko, baina lan karga arintzeko, herriko gazte bakoitzari kargu bat esleitzen zaio. Horretarako bilera bat egiten dugu eta norberak kargu bat hautatzen du». Gainera, «gazteen ostatuan edo txosnan txanda bat egiten du gazte bakoitzak eta horrek aunitz errazten du damunausien lana».
San Juan bezpera
Ekainaren 23ko ilunabarrean suak piztu eta ezkilaren soinua da nagusi herrian. «Normalean jende aunitz biltzen da herrian egun horretan, baina momentuz ez da neurririk hartu behar izan jendetza kontrolatzeko. Akaso aitzinerago tokatuko da!».
Suak saltatu ondotik, berriz, su inguruko antzerkiaren txanda da. «Aitzineko belaunaldiak egiteari utzi zion, baina badira pare bat urte gazte batzuk lekukoa hartu zutela eta berriz ere antzerkia egiten hasi ginela».
Antzerkiak «lan handia izaten du, nahiz eta motza eta sinplea egin. Lehenbizi antzerkia eta dantzak sortu behar dira eta ondotik entseguak, arropa lortu, musika hautatu… eta sortzen diren bertze mila lan ttiki. Hala ere, emaitza beti aski polita izaten da eta jendeak aunitz disfrutatzen du, bai ikusten eta baita parte hartzen ere». Aurten, erraterako, «gazte batek ekarri zuen gaiaren proposamena eta hortik, gainerakoen laguntzaz, osatu dugu».
Duela urte batzuk egiten zituzten antzerkietan «herritar aunitzek parte hartzen zuten, baina lan handia eta konpromisoa eskatzen du horrek, eta denek ez dute entseatzera etortzeko astirik. Hortaz, azken urteetan jende guttiagok parte hartzen du. Bi hilabete fiteago hasten gara dena prestatzen baina azken asteetan maizago biltzen gara, dena behar bezala lotzeko». Hortaz, «dena ongi ateratzea eta jendeak gozatzea espero dugu. Ongi pasatu baina pasatu gabe!».