Bestak 2025

«Herriaren alde lan egiteko gogoarekin sartu gara lantaldean»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 12:00

Urte berriarekin aldaketak ailegatu dira Iruritarat, alkatetza taldea guztiz berritu baitute aurten. Azaldu dutenez, «aitzineko alkateak kargua utzi ondotik, bi batzar egin ziren herrian baina ez zen inor aurkeztu. Herritar batzuongan kezka sortu zuen egoerak, eta horrela sortu zen oraingo taldea». 13 lagunek osatu dute talde berria: Amaia Arraztoa, Begoña Goienetxe, Igor Urrutia, Jokin Zabaleta, Joseba Urtasun, Julen Loiarte, Kotte Plaza, Maite Oteiza, Maria Goienetxe, Mikel Sagaseta, Patxi Barberena, Peio Obregozo eta Xabi Ripa. «Denak herriaren alde lan egiteko gogoarekin».

Bi telefono jarri ditugu martxan herritarren eskaerak bideratu ahal izateko, bat 'ura kudeatzeko eta auzolanetarako', eta bertzea 'herriko bertze aferendako'.

Begoña Goienetxe alkate izendatu dute «horrela behartzen duelakoz Baztango funtzionamenduak», baina «ardurak eta eginkizunak denon artean banatzen ditugu. Aitzineko urteetan ikusten genuen alkateek zama handia eramaten zutela haiengan, eta hori saihesteko, lan egiteko manera aldatu dugu. Bi telefono jarri ditugu martxan herritarren eskaerak bideratu ahal izateko, bat 'ura kudeatzeko eta auzolanetarako', eta bertzea 'herriko bertze aferendako'. Bi taldetan banatu gara, lehenbizikoa auzolanez eta uren aferez arduratzen da, eta bigarrena Gizarte Bilguneaz, Dorreaz, kanposantuaz eta sortzen diren gainerako behar guziez».

Otsailean sortu zuten taldea eta «oraingoz, gaiekin eguneratzen eta martxa hartzen ari gara». Lehentasunen artean, «Gizarte Bilguneko ostatua martxan jartzea izan da, momentuz hori lortu dugu eta orain gaineko aretoaren erabileraren arauketan murgilduta gabiltza. Bertzalde, Dorreari epe motzean erabilera ematea da bertze lehentasunetako bat». Horrez gain, «baserrietako pistak konpontzen hasiak gara, uren isuri batzuk konpondu ditugu eta herria txukuntzeko auzolana egin da». Etorkizunera begira, «azkeneko urteetan egin denari segida ziurtatu nahi diogu, eta sortzen diren beharrei irtenbidea eman».

Kulturak ere leku inportantea hartzen du Iruritan, eta horren erdigunea da Gizarte Bilgunea. Aitortu dutenez, «ekitaldi kultural gehienak udalak antolatzen ditu eta horiek guri ez digute lan handirik eskatzen. Gure ardura da herriak hor egiten dituen ekitaldien koordinaketa egitea, eta aretoaren mantentze lana ere gure gain dago». Herriko elkarteek ere ekitaldi ugari antolatzen dituzte, «herria bizirik dagoen seinale».

Bestetarako gogotsu

Irurita bizirik dagoenaren adierazgarririk handiena dira, hain zuzen ere, herriko bestak. Egitarauaren antolaketaz gazteak arduratzen badira ere,  «aitzinetik egin behar diren tramite aunitz herriko lantaldeak egiten ditu».

Egun bereziak dira, «alde batetik eskualdeko lehenbiziko bestak direnez, jende aunitz etortzen delakoz, eta bertzetik hainbertze ekitaldi antolatzen direlakoz adin guzietako jendearendako». Bertze urtetan bezala, «aurten ere bestak giro ederrean joatea espero dugu, jendeak ongi pasatzea eta aldi berean errespetuz jokatzea. Hurbiltzen zareten guziak ongi etorriak izanen zarete Iruritan!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!