Baztango hezeguneak behatzeko bigarren formakuntza saioa egin dute asteburuan Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 13a, 14:30

Hogei lagun inguru elkartu ziren larunbatean herriko eskolaren ondoko urmaelean, eta Aranzadi zientzia elkarteko Ion Garin biologoak eta Iñaki Mezquita odonatuetan adituak gidatu zuten saioa

Joan den urtean Baztango hezeguneak behatzen hasi zen herritar talde bat, Aranzadi zientzia elkartearekin koordinaturik eta Baztango Talde Ekosozialak sustaturik. Hasierako behaketak sistematizatzeko eta zorrotzago egiteko helburuarekin, formazioak hasi zituzten; lehendabizikoa Lekarozen azaroan egin zutena, eta azkenekoa Amaiurren asteburuan egin berri dutena.

Hezegunearen inguruan itzulia eginez, odonatuak eta anfibioak behatzeko metodologiak aztertu zituzten saioan. Ikustaldia egiteko gida baliatuz, sorgin orratz eta burruntziak ikuskatu zituzten, eta tartean beren larbak. Anfibioendako, berriz, salabardoa erabiltzen ikasi zuten, putzutik igelak, apoak eta uhandreak harrapatzeko (arrautzak eta zapaburuak barne).

Halaber, laginketak egiteko sasoi hoberenez aritu ziren, anfibioen kasuan udaberrian batez ere, eta udazkenean ere bai, eta odonatuen kasuan ekaina eta uztaila bizkitartean. Behaketa horiek egiteko tenorean inguruko landarediaren, tenperaturaren eta argitasunaren garrantziaz ere aritu ziren. Lekarozko saioa teorikoagoa izan zen eta Amaiurkoa praktikoagoa, hortaz, batak bertzea osatu du.

Guzti horrekin, hezeguneak behatzeko bortz talde osatu dituzte, horietako hiruk Bagoi, Gorramendi eta Belateko hezeguneak aztertuko dituzte, bertze talde batek Amaiurko urmaela (dagoeneko martxan orain dela urte batzuetatik), eta azkenekoak Lekarozko institutuko urmaelaren bernaturalizazioaz arduratuko da.

Behaketa horiek epe luzeko proiektu baten barnean sartzen dira, Euskal Herriko hezeguneen bilakaera aztertuko duena klima aldaketaren ondorioak ikusteko, izan ere, bioadierazle garrantzitsuak dituzte urmaelek. Hemendik aitzinerat eginen dituzten behaketen emaitzak irailean eginen duten hitzorduan bateratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun