Urriaren 14an proiektua aurkeztu zuten Lekarozko campusean, eta lanarekin laguntzeko herritarrak bilatzen ari da orain taldea. Proiektuaren nondik norakoez, hezeguneen garrantziaz eta etorkizuneko asmoez mintzatu da Unzueta taldekidea.
Noiz hasi zineten proiektuarekin?
2023ko akaberan Baztanen bizi garen bortz lagun elkartu ginen, ingurumenaren gaiarekin lotua dagoen proiekturen batean sartu nahian. 2024ko otsailean Aranzadiko herpeteologia departamentuko Ion Garinekin bildu ginen, Baztanen egiteko zein proiektu aukera genituen ezagutzeko. Berak azaldu zigun, alde batetik, Amaiurko eskolan urmaelen inguruko proiektu bat martxan zutela, eta bertzetik, EAEn Mikroklima proiektuan sartuak daudela, klima aldaketaren aitzinean hezeguneen habitatak kontserbatzeko. Putzuek duten garrantzia ikusita, guk ere horrelako proiektu batean sartzea erabaki genuen, hau da, urmaelak, aintzirak, urtegiak, zohikaztegiak… aztertzea.
Nolakoa izan da prozesua?
Lehenbiziko Nafarroa mailan hezeguneei buruzko proiekturik zegoen bilatzen hasi ginen. Orduan Nafarroako Gobernuaren Life Tremedal natura proiektua ezagutu genuen, hainbat habitat eta espezieren kontserbazioa helburu zuena. Leku aunitzetan aritu ziren lanean, tartean Baztango hezeguneetan; Alkurruntzen, Argintzun, Arxurin, Lixketan, Okolinen… Bertzetik, Nafarroako sei hezegune Natura 2000 sarean sartuak daude, eremu babestuan; Pitillasko aintzira, adibidez. Eremu hauek guziak identifikatuak eta karakterizatuak daudela ikusita, interesa duten bertze hezeguneak bilatu genituen Baztanen. Martxoan proiektua aurkeztu genion udaleko mendi zinegotziari, eta Baztanen zein Nafarroan aritzen diren basozainei esker hamar putzu identifikatzea lortu genuen: Gorramendin bi, Bagoi mendian bat eta hango bidean bertze bat, Lekarozko campusean bat, Urballon bi, Putzualden bertze bat, Belateko Gazteluzarren bertzea eta Azaldegin azkena.
Zein izan da zuen lana?
Aranzadikoek fitxa batzuk eman zizkiguten, putzuen ezaugarriekin betetzeko; koordenadak, altuera, luzera eta zabalera, ea itxiturarik duen, naturala edo artifiziala den, itzalean dagoen edo ez, inguruko landaredia… eta hor ikusi dugu putzuak arras desberdinak direla haien artean. Adibidez, Gorramendikoak 965 metroko altueran daude eta 27 metro luze eta 16 metro zabal inguru dituzte, eta Azaldegikoa antzeko altitudean kokatzen da baina 119 metro luze eta 67 zabal ditu. Horrez gain, hezeguneek presioren bat duten begiratu dugu, hau da, presaren bat baduten, ea azienda ibiltzen den, giza presioa duten… eta aziendaren presioa duten putzuetan, adibidez, aitzinera begira itxiturak paratzeko aukera proposatu genuen.
Zein da proiektuaren helburua?
Identifikatutako eta karakterizatutako hezeguneen jarraipena egitea, eta horrekin batera bertan topatu dugun biodibertsitatearena. Bereziki, ingurune horien adierazleak diren landareak eta animaliak. Gainera, proiektua herritarren zientzian sartzea gustatuko litzaiguke, eskolekin zein interesa duen edozein herritarrekin lan egiteko.
«Klima aldaketa arintzen laguntzen dute hezeguneek»
Biodibertsitate aldetik, nolako garrantzia dute hezeguneek?
Orokorrean, hezeguneak munduko ingurune produktiboenetakoak dira. Dibertsitate biologikoaren gune garrantzitsuak dira, faunak eta florak bertan egiten dituelako bere bizi zikloa. Anfibioen kasuan, uhandre, arrabio, apo eta igelek ura eta landaredia behar dute, batez ere larba faserako, eta odonatuen kasuan, sorgin orratz zein burduntziek berdin. Klima aldaketa arintzeko, egokitzeko eta ur geza gordetzeko ere ezinbertzeko eremuak dira.
Eta nolako bilakaera izan dute?
Mundu mailan, azken 50 urteetan, ekosistema horien % 35 baino gehiago galdu da. Hortaz iruditzen zaigu hain inportantea horiek berreskuratzea eta egoera on batera leheneratzea, edo bederen mantentzea. Baztani dagokionez, orain arte Life Tremedal proiektua bakarrik egin da baina horrek ez du jarraipenik izan, beraz, egiten ari garen proiektuarekin batera ikusiko dugu zer nolako bilakaera duten putzuek. Aztertu ditugun hezegune batzuk naturalak dira, baina bertze batzuk ez; Azaldegikoak, adibidez, dike bat zuen eta 2010-2011n presa haunditu zen, eta Gorramendikoak ere hezegune naturalak dira baina haunditu egin dituzte. Beraz, horien bilakaeran gizakiaren eskua izan dela ikus dezakegu.
Proiektuaren aitzinetik hezegune horiek ezagutzen zenituzten?
Ez, gehienak berriak izan dira guretako. Gainera, batzuk errepide bazterrean daude baina bertze batzuetan mendi ingurunera joan behar da eta, bi kasutan bereziki, 4x4 kotxeak edo ibilaldi luzeak behar dira ailegatzeko, Azaldegin eta Urballon.
Nolako esperientzia izan da orain arte?
Prozesua arras interesgarria izan da, alde batetik putzuek zein garrantzia duten ulertu dugu eta bertzetik haien artean zeinen desberdinak diren ikusi dugu. Horrek aitzinera segitzeko motibatu gaitu.
Proiektua aurkezteko saioa egin zenuten Lekarozen. Jendearen interesa piztu zuen?
Bai, profil anitzeko 20 bat lagun bildu ginen; basozainak, udaleko zinegotzi bat, institutuko biologiako irakasleak, familiak haurrekin… eta proiektuan parte hartzeko aukera eskaini genien. Izan ere, momentu honetan taldean bortz gaude, eta hamar putzu izanda, jende gehiago behar dugu anfibio, odonatu eta landarediaren jarraipena egiteko. Gainera, faunak eta florak bere urtarokotasuna dute eta batzuetan hobe da neguan joatea, bertzeetan udaberrian… oraingoz bortz lagunek eman dute izena, eta bertze batzuk interesa erakutsi dute. Gure asmoa da azaro akaberara arte itxoitea, zenbat jende izanen garen ikusteko. Gero bilera bat eginen dugu bakoitzaren prestasuna eta gogoa ezagutzeko, eta plangintza bat sortuko dugu. Aranzadiko Ion Garinekin, Iñaki Mezquitarekin eta botanikako sailekoekin, formakuntza zehatzago bat egin nahi dugu udaberriko laginketekin hasi baino lehen.
«Herritarrak zientziara hurbildu nahi ditugu»
Beharrezkoa da gaiari buruzko prestakuntzarik izatea proiektuan parte hartzeko?
Ez, interesa, gogoa eta eskainiko ditugun formakuntzak aski dira. Gainerakoa bileran zehaztu eta azalduko dugu. Plangintza oraindik egitekoa dugu, baina, laginketei dagokienez, putzu bakoitzera urtean hiru aldiz guttienez joan beharko litzateke.
Horrelako proiektuak interesgarriak dira jendea hezteko eta naturari buruz kontzientziatzeko?
Guk baietz uste dugu. Izan ere, zientzian akademiko eta ikerlariak izaten dira, eta teknizismoz betetako komunikazio zientifikoa mundu horretan gelditzen da. Herritarrok bertze hizkuntza bat erabiltzen dugu, eta aunitzetan urrun dagoela ematen du. Baina inguruan gertatzen dena ulertzea interesgarria da; zein habitat ditugun, bertako espezieen zikloak nolakoak diren… jendea gai horietara hurbiltzen eta sentsibilizatzen laguntzen du, bereziki gaur egun daukagun aldaketa klimatikoaren erronkaren aitzinean.
Zein da zuen asmoa heldu den urtera begira?
Lantaldean zenbat izanen garen zehaztu ondotik, dirulaguntzaren bat eskatu nahiko genuke lanarekin segitzeko. Hala ere, ez da talde itxia izanen, epe luzeko proiektua da eta baliteke orain batzuk parte hartzea eta aitzinerago bertze batzuk gehitzea proiektura. Hezeguneen eta bertako landaredi eta animalien jarraipenarekin segituko dugu, animalietan uhandre, arrabio, apo, igel, sorgin orratz eta burduntziak. Denbora batera, bildutako datuekin azterketa eta hausnarketa eginen dugu, taldetik beretik edo Aranzadirekin. Gainera, honekin ateak irekiak geldituko dira norbaitek gradu, master edo ikasketa amaierako lan edo ikerketa bat egin nahi badu. Oraingoz hemendik hasiko gara eta ikusiko dugu proiektuak nora garamatzan… eta noski, parte hartzeko interesa duen edonor gurekin harremanetan jartzera animatu nahiko nuke.