Baztango Gaitariek 25 urte beteko dituzte aurten eta urteurrena ospatzeko, Erraldoien topaketa antolatu dute maiatzaren 17an Elizondon, Baztango Udalaren eta Elizondoko Herriaren laguntzarekin. Eskualdeko 21 erraldoik parte hartuko dute jardunaldian (Jo ala jo elkartekoak eta Elizondo, Irurita, Bera, Doneztebe, Sunbilla eta Etxalarkoak), txistulari, gaitero eta txarangaz lagunduak.
Egun osoko egitaraua prestatu dute: 10:30ean erraldoiak plazan elkartuko dira eta 11:00etatik aitzinera karriketan barna ibiliko dira. 14:00etan partaideek bazkaria izanen dute eta 17:00etan gaiteroek emanaldia eginen dute frontoian, soinulari eta erraldoiekin batera. Sarrera dohainik izanen da.
Mende laurdena karrikak alaitzen
Duela 25 urte txistulari talde batek gaita ikasteko pausoa eman zuen, «Baztango gaita berreskuratzeko helburuarekin». Urteetan egindako lanari esker, «gaur egun Baztango sei herritan Baztango gaita bestetako programan finkatzea lortu dugu». Horrez gain, ikerketa sakon baten ondoren, 2022an disko liburua publikatu zuten. «Bertan, dantzaren historian eta koreografian sakontzeaz gain, jatorriaren inguruko hipotesiak plazaratu eta hainbat partitura kaleratu ditugu».
25 urteetan herri aunitzetako bestetan parte hartu du taldeak: Amaiur, Erratzu, Arizkun, Azpilkueta, Elizondo, Lekaroz, Irurita, Arraioz, Berroeta, Doneztebe, Legasa, Donamaria, Larraintzar, Cervera del Rio Alhama, Vaquerisses… Eta 2018an erraldoi bikote bat egin zuten, «erraldoiak sekula ibili ez ziren herrietan aukera eskaintzeko, haur eta helduen gozagarri».
Azkenik, gaita eta atabal eskola sortu zuten eta, horri esker, «Amaiurren, Erratzun, Oronozen, Elizondon, Lesakan eta Beran gaitari taldeak sortu dira azkeneko urte hauetan. Gaur egun gaitaren egoera Baztanen eta eskualdean osasuntsu dagoela erraten ahal dugu».