Nafarroako Dantzarien Biltzarrak sustatua eta Baztango Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta hainbat lagunek emandako laguntzarekin, Espartinen ahaireak disko-liburua aurkeztu dute Baztango Gaitariek.
Egileek adierazi dutenez, «disko-liburuak urte aunitzetako ikerketa lan sakona du gibeletik, hala, 1898 urteko Baztanen ezagutzen den gaitariei buruzko lehenengo aipamenetik gaur egungo gaitari buruzko egoerari errepaso itzela egiten da. Bi gaita zikloez aparte, gaur egun desagertuta zegoen Elizondoko jota eta Bertizaranako mutil dantzako zortzikoa entzuteko aukera eskaintzen du lanak. Dudarik gabe, etxeko apalategian eduki beharreko disko-liburua».
Lana eskualdeko zenbait lekutan dago salgai 15 eurotan: Elizondoko Nafarpressen eta Axularren, Erratzuko Altxuko dendan, Arizkungo Taskan eta Estankoan, Iruritako Ximiko Berrin, Lesakako Arranon, Berako Katakun eta Agaran, Legasako Kattalinen eta Doneztebeko Maylinen, Titin eta Ostiz Etxean. Gainera, Durangoko Azokan ere Euskal Herriko Dantzarien Biltzarreko erakus-mahaian egonen da eskuragarri.