Maiatzaren 15etik 25era eginen da aurten Euskaraldia, eta Baztango Udalak ekimenera batzeko mozioa onartu berri du. Bertan azaldu dutenez, «euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz, 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez».
Baina hortik haratago, «Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea ailegatu da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik».
Hori dela eta, Baztango Udalak entitate gisa Euskaraldian parte hartuko du eta baztandarrak animatu ditu parte hartzera.