«Espainiako Gobernuak Elizondon Guardia Zibilaren kuartel berri bat egin nahi duela» salatu du Ernaik

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 3a, 12:00

Marlaska ministroaren proposamenaren aurkako elkarretaratzea eginen dute larunbat arratsaldean Erratzun

Duela hilabete pasa Foro SER Navarra topaketan parte hartu zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak. Segurtasun publikoa eta polizia izan zituen solasgai, eta jakinarazi zuenez, «estatuko aurrekontuak onartzen direnean, azpiegitura plan berri bat eramanen dugu Ministroen Kontseilura». Bertan sartuko dute, bertzeen artean, «Guardia Zibilaren kuartel berri baten eraikuntza Elizondon, 8 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izanen duena».

Proiektua arbuiatu du Ernaik

Baztango Ernai taldeak adierazi duenez, «Baztanen dagoeneko hiru kuartel ditugu, eta proiektu honekin laugarren bat sortuko litzateke. Marlaska ministroak adierazi du inoiz baino beharrezkoagoa dela Nafarroan Guardia Zibilaren presentzia indartzea. Egun, Nafarroak estatuko polizia ratiorik altuena du; 1.000 biztanleko zazpi polizia, Europako batez bertzekoaren bikoitza. Zer itzulpen du honek? Gure herrian espainolismoaren gotorleku berri bat izateaz gain, gure egunerokoan kontrol polizialaren haunditzea izanen dela».

Honen kontra agertzeko, elkarretaratzea eginen dute Erratzun larunbat honetan, apirilaren 5ean. Herriko plazan bilduko dira 18:30ean, Aire hemendik! Guardia Zibilaren kuartelik ez lelopean. Asteburuan antolatutako Baztandik Independentziara! eguneko egitarauaren parte izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun