Arritxuri harrobiaren haunditzea ez baimentzeko eskatu dute almandoztarrek

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 20a, 12:30

Almandozko harrobia eta hilerria. Ondikol.

Almandozko alkatetza taldeak, herritarrek eta proiektuak kaltetutakoek errekurtsoa aurkeztu dute, guztira 159 lagunek sinatua

Almandozko harrobia haunditzeko eskaera egin du bertze behin Canteras Acha enpresak, eta urtarrilaren 9an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia. Horri erantzuteko, Almandozko alkatetza taldeak, herritarrek eta proiektuarengatik kaltetuek alegazioa aurkeztu dute, harrobiaren aldaketari baimenik ez emateko eskatuz Nafarroako Gobernuari.

Ez da lehenbiziko aldia enpresak proiektuaren haunditzea eskatzen duela, ezta herriak horren kontrako alegazioa aurkezten duela ere. 2023an Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak herriaren errekurtsoa onartu zuen, eta Arritxuri harrobiaren haunditzeari ezetza eman zion, hilerritik hurbilegi egonen litzatekeela argudiatuz. Izan ere, legearen arabera, harrobiek 40 metroko segurtasun distantzia minimoa mantendu behar dute edozein eraikinekin, kalteak sortzeko arriskua dela eta.

Hori dela eta, enpresak aldaketak egin ditu proiektuaren idazketan. Proiektu berriaren planoen arabera, harrobiak 40 metroko segurtasun distantzia mantenduko luke kanposantuarekin. Baina almandoztarrek jakinarazi dutenez, proiektuaren memoriaren 4.5.2 puntuan (eragin soziokulturalaren puntuan hain zuzen), «argi erraten da harrobiaren muga 23,5 metrotan hurbilduko litzatekeela kanposantura». Hortaz, «proiektuaren memoria nahasgarria dela» salatu dute, «planoen eta txostenaren distantzia minimoa ez datozelakoz bat».

Azkenik, harrobia sakonago zulotzeak Almandozen «eragin kritiko onartezina» izanen duela salatu dute, eta «segurtasuna eta duintasuna» eskatu dute hilerriarendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun