Inauteak 2025

Musika, mozorroak eta umore ona nagusi Elizondoko inauteetan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 3a, 13:00

Ortziralean puxka biltzea, haurren desfilea eta txarangapoteoa izan zituzten, larunbatean, berriz, mozorroen desfilea eta arratsaldean, inauteak borobiltzeko, dantzaldia.

Argazkiak: Juan Mari Ondikol, Txokoto taberna eta utzitakoak

Giro ederrean iragan dira bertze urte batez Elizondoko inauteak. Ortziralean haur eta gazteak izan ziren protagonista: puxka biltzea, dantzaldia, haurren desfilea… arratsaldean Jantzilo erre zuten herriko plazan eta ondotik dantzaldia izan zuten Kapitan General DJarekin. Gauen, berriz, pintxo poteoa Tuku-Tuku txarangak alaitua.

Larunbat goizean mozorroen desfilean izan zen karrika nagusian eta denetik ikusteko aukera izan zen: boxeolariak, toreroak, pailazoak, maistra haur ttikiekin, pilotariak, Wii Sports jokoko kirolariak, turistak oporretan, Veneziako dantzariak, motorzaleak, zerbezak, Foruzaingoa… mozorroen lehiaketan, Wii Sportsen taldea suertatu zen irabazle, eta ostatuen kategorian Txokoto taberna, Harry Potterren dekorazioarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun