[GUTUNA] BKZren erantzuna Baztango Udalari: Batzar Nagusia orain!

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 12a, 19:00

BKZk erantzun dio Baztango Udal Gobernu Taldeak pasa den astean bidalitako gutunari. Udalak bere gutunean nabarmendu zuen BKZ balizko prebarikazio delitu bat egitea eskatzen ari zela, arauen aurkako proiektu bat onartzea eskatuz. Mattari Alzuartek enpresako langile denen izenean bidalitako gutun honetan salatu egiten du «larria dela publikoki erratea enpresak udalari prebarikazioa egiteko eskatzen diola» eta berriz ere Baztango Udalari eskatu dio Batzar Nagusia deitzeko lehenbailehen.

BKZk  eta bere langileek argitu nahi dugu Baztango Udalak hainbat komunikabidetan Baztan Park modernizatzeko proiektuari buruz zabaldu dituen zenbait kontu. Udalak dio «ez duela parkea modernizatzeko proiektua oztopatu nahi».

Denok ados bagaude ekimen hau Baztango herritarrentzat positiboa dela, zergatik ez dira bi aldeak ados jartzen? Saiatuko gara ahalik eta hobekien azaltzen non dagoen akordiorik ez lortzeko funtsezko puntua. Ez diegu erantzunen egia ez direla erran den gai aunitzi (lokazteko baino ez dute balio), baina puntu garrantzitsuenei erreparatuko diegu, jendeak informazio ona izan dezan eta ondorioak atera ditzan.

Enpresaren asmoa parke iraunkorra handitzea da (10 urte daramatzagu parke honekin), bai ingurumen, gizarte eta ekonomia mailan (bideragarritasuna), bailarako gizarte osoak onartua izan dadin, langileen kooperatiba bat bultzatuz eta edozein baztandarrek proiektuan inbertitzeko aukera izan dezan. Helburu guztiak lortzeko, proiektua hiru ardatz-zutabetan egituratu da, eta horiek banaezinak dira:

Lehenengo ardatza abentura-jarduera berriak garatzea da, ezaugarri horiek dituen parke bakarra eta berritzailea sortzea, orain arte udalak baimendutako espazio berean kokatuta, lurra birkalifikatu beharrik gabe. Puntu honetan adostasun zabala dago eta ez du arazorik iradokitzen.

Bigarren ardatza, erabilera anitzeko eraikin bat eraikitzea da (harrera, dutxak, aldagelak, biltegia, bulegoak, taberna jatetxea...), mota honetako parke batean ohikoa dena. Puntu honetan ere akordio batera iritsi gara, irtenbidea udal araudia betetzea adostea izan da, eraikinaren gehieneko metro koadroei dagokienez. Azken bileran, arkitektoak bertan zirela, argi utzi zen «ez zela beharrezkoa eraikinari buruzko bertze dokumentazio teknikorik gehitzea», (udalak  dioena gezurtatuz).

Eta hirugarren ardatzean ez dago adostasunik. Hamar etxolen eraikuntzaz ari gara, eta hemen Baztango Udala (Gobernu Taldea) udal arkitektoaren txostenean oinarritzen da. Txosten horrek baieztatzen du etxolen proiektua ez datorrela bat udal araudiarekin, eta hori da gatazkaren arrazoi nagusia eta, ondorioz, proiektuaren geldialdia.

Enpresarentzat hirugarren ardatz hori ezinbertzekoa da proiektuaren bideragarritasunerako. Horretarako, Nafarroako arkitekto ospetsuen lau txosten aurkeztu ditu, baita Nafarroako Gobernuak egindako txosten bat ere. Guztiek ondorioztatu dute proiektua hirigintza aldetik baimendu daitekeela.

Horregatik, hagitz larritzat jotzen dugu Baztango Udalak BKZ enpresa «udalak prebarikazio delitua egin dezan eskatzen ari dela» dioen agiria.

Guk eskatzen dugun gauza bakarra da behingoz Batzar Nagusiko kide guztiek proiektu honi buruz libreki bozka dezatela, ez bakarrik udal arkitektoak aurkeztutako  dokumentazioa ezagututa, baizik eta enpresak aurkeztutako lau arkitekto ezberdinek egindako txostenak ezagututa, Nafarroako Gobernuak egindako txostena barne. (Espero dugu udalaren bidez txosten horiek jada Batzar Nagusiko kide guztien esku egonen direla).

Txosten negatibo baten edo 4 txosten positiboren gainean botoa emateak ez dakar inoiz prebarikazio ekintzarik.  Gezurra da udalaren baieztapen hori, eta arras larria da enpresak «udalari balizko prebarikazio delitu bat egin dezala eskatzen diola» publikoki erratea.

Beraien idazkian adierazten dena eta errealitatearekin bat ez datorren bertze puntu bat errepidearen konponketari buruzkoa da. Nafarroako Gobernuak dagoeneko idatzi du proiektua, eta BKZk bere proiektuan idatziz garbi utzi du (notarioaren aitzinean nahi badute): «errepidea konpontzen ez bada, ez dela parkea eginen», eta beharrezko finantziazioa lortzeaz bera arduratuko dela. Orain, proiektuaren oniritziaren zain gaude, finantzazioa lortzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko (puntu hau hagitz garbi dago, eta ez da zertan gehiago nahasi).

Azkenik, zaila da ulertzea Baztango Udalak zergatik dioen bere idazkian «eskutik helduta joan» nahi duela; izan ere, azken 4-5 urteotan, urtean bi bilera baino ez dira izan (beti enpresak eskatutakoak), eta borondatea egiazkoa denean, komunikazioa ona izaten da, baina kasu honetan ez da horrelakorik gertatu.

Zer zentzu du plan berezi bat proposatzeak benetako borondaterik ez badago? Nork sinesten du horretan? «Plan berezi bat da hirigintza- arauetan ez dauden instalazioak eta erabilerak sortzea, IrrisarriLand-ek eta Igantziko Udalak sintonia osoz egin zuten bezala». Udala ados al legoke horrelako plan berezi bat bultzatzearekin? Ezetz uste dugu. Ez dugu horretan sinesten.

Proiektua legezkoa da eta hirigintza aldetik baimendu daiteke, plan berezirik izan beharrik gabe, hainbat arkitektok eta Nafarroako Gobernuak idazki honetan zehar egindako txostenen bidez berretsi dugun bezala.

Guk hirigintzaren legezkotasun osoa bete nahi dugu, proiektu hau legezkoa da eta hirigintza aldetik baimendu daiteke plan berezien beharrik gabe. Ondorioz, enpresak eta langileek Ezohiko Batzar Orokorrera deitzeko eguna zehaztea eskatzen dugu, herri lurraren erabilera eskatzeko.

Gogoratu Batzar Orokorra dela gai honetan eskumena duena, eta ez udala. Enpresak ez du dokumentazio gehiago aurkeztuko, ez du diru gehiago gastatuko, ezta denbora gehiago ere, erran den bezala, nahiko txosten baitaude bai edo ez erabakitzeko.

Garbi utzi nahi dugu guk Batzar Nagusia deitzeko egindako eskaeran gauza bakarra eskatzen dugula: Parkea modernizatzeko lur komunala erabiltzeko baimena. Hori da eskatzen dugun gauza bakarra, Batzar Nagusiak bakarrik du konpetentzia osoa lur komunalak erabiltzeko baimenak emateko, eta ez Baztango Udalak.

Gero aurkeztuko dira proiektuak eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztietatik pasatu beharko dute eta azkenik Baztango Udalak izanen du azken hitza baimendu edo ez baimendu erabakitzeko. Orain dela 10 urte gauza bera egin zen lur komunala erabiltzeko baimena eman zen aurreproiektu bat aurkeztuz, eta gero baimena lortuta aurkeztu ziren proiektu osoak. Berez Batzar Nagusiak du hitza, ez  Baztango Udalak.

Baztanen lana egin nahi dugu.

Sinatua:

Baztan Park eta bertako langileak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun