Agintaldia hasi eta gutira, BKZren bilera eskaera hartu genuen Baztan Abentura Parken zabalkundeari buruz solastatzeko, eta 2023ko urriaren 2an udal gobernu taldeko kideak eta udal arkitektoa BKZko arduraduna den Mattari Altzuarterekin elkartu ginen. Mattarik hautetsi berrioi ordura arteko pausoak azaldu zizkigun eta udal arkitektoak azaldu zion BKZk aurkeztutako aitzin-proiektuak udal hirigintza arauak ez zituela betetzen. Hirigintza arauekiko kontrakotasuna, zehazki, erabilera anitzeko eraikinean eta hamar etxoletan dago. Parke berrira ailegatzeko errepidearen arazoa ere mahai gainean paratu zen.
Hirigintza arauekin bat egitearen beharra nabarmendu zitzaion BKZko arduradunari eta udal gobernu taldeak, irtenbideak planteatu ondotik, solasean segitzeko jarrera azaldu zion. Beraz, enpresa sustatzailearen proposamen berri baten esperoan gelditu zen udal gobernu taldea.
2024ko apirilean BKZk bilera berri bat eskatu zuen Batzar Nagusiko kideekin, Baztan Abentura Parken zabalkundeari buruzko azalpenak emateko. Hilabeteak pasa izanagatik BKZk ez zuen bere aitzin-proiektuan aldaketarik aurkeztu, baina gardentasun osoz jokatzeko helburuarekin, Batzar Nagusiko kide guztiak gonbidatu genituen bilera berri batera. 2024ko ekainaren 17an egin zen bilera eta bertan, enpresa sustatzaileak bere azalpenak eman zituen eta udalak ere egoeraren berri eman zuen. Berriz ere BKZri proposamen berriaren esperoan gelditzen ginela jakinarazi genion udaletik, eta horiek aurkeztuta aitzinera pausoak emateko eskua luzatu genion.
Zortzi hilabete pasatu dira ordutik, baina BKZk ez du proposamen berririk aurkeztu. Bitartean, 2024ko abenduaren 20an eskaera berri bat erregistratu zuen udaletxean, Batzar Nagusi monografiko bat egitea eskatuz, Baztan Abentura Parken zabalkundeari buruzko erabakia behingoan hartzeko.
BKZk bideo, iragarki, publierreportaje eta oharra zabaldu ditu azken egunetan. Badirudi enpresaren asmoa udalaren inakzioa salatzea dela. Horren aitzinean udal gobernu taldeak BKZri gogora ekarri nahi diogu inor ez dagoela zabalkundearen aurka, baina proiektu bat garatzeko baldintza da arauak betetzea. 2022ko martxoaren 30etik, BKZri hirigintza arauak ez zituela betetzen jakinarazi zitzaionetik, ez du aldaketarik proposatu. Hitzez erabilera anitzeko eraikinaren bolumena ttikitzea onartu du, bertzerik ez. Halere, ez du aitzin-proiektuan aldaketa bakar bat bera ere aurkeztu.
Bertzalde, proiektu berriaren bideragarritasunerako, aktibitateak, erabilera anitzeko eraikina eta etxolak beharrezkoak direla aipatzen du behin eta berriz, nahiz eta ez duen udaletxean bideragarritasun planik aurkeztu. Errepidea moldatzeko proiektua baduela ere aipatu du, nahiz eta udaletxean ez duen halakorik aurkeztu. Errepidearen moldaketa ere BKZk ordainduko duela erran izan du, nahiz eta ez dugun horren zehaztasunik. Administrazioa ez da fedean oinarritzen.
Udal gobernu taldeak BKZri eta baztandarrei, oro har, jakinarazi nahi diegu udalak ez duela proiektu berri hau oztopatzeko inolako asmorik, nahiz eta BKZren azken argitalpenek hori iradoki. Irtenbide bat ere proposatu dio udalak, behin eta berriz BKZri, proiektua plan berezi baten bidez garatzearena, Zigan edo Erratzun bertze sustatzaile batzuk turismoari lotuta garatutako bertze proiektu batzuetan egin bezala, baina BKZk ez du bide hori jorratu nahi izan. Behin eta berriz helarazi diogu BKZri elkarren eskutik lanean aritzeko borondatea, baina BKZk ia hiru urte daramatza eskatzen zaizkion aldaketak egiteko asmorik gabe.
Batzar Nagusiak proiektuari bai edo ez erratea eskatzen du sustatzaileak. Batzar Nagusiak lurraren aprobetxamenduari baimena eman edo ez erabaki beharko du, baina aitzinetik errepidearen afera konpondu beharko da eta hirigintza arauak bete beharko ditu proiektuak, bertzenaz, arauen aurkako proiektu bat onartzen ariko ginateke arau haustea egitearen jakitun izanik. Beraz, balizko prebarikazio delitu bat egitea eskatzen ari da BKZ, eta udal gobernu taldeak argi du ez duela halakorik eginen.