Inauteak 2025

Txarangapoteoa eta mozorro lehiaketa eginen dituzte aurten ere Elizondoko inauteetan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 7a, 10:30

Joan den urteko mozorro lehiaketako irabazleak. Ondikol.

Otsailaren 26a izanen da txarangapoteoan eta lehiaketan izena emateko azken eguna eta sei euro ordaindu beharko dira

Elizondoko Herriak inauteetako egitaraua aldatu zuen iaz, eta danborradaren partez txarangapoteoa egitea erabaki zuen. Jendetza bildu zuen ekimenak, eta aurten ere berdin eginen dute; otsailaren 28an, ortziralea, 20:00etatik 22:00etara izanen da txarangapoteoa. Txokototik abiatuko da eta Txokoto, Hiru, Saioa eta Mendi ostatuetan aterako dituzte pintxoak. Casino, Txokoto eta Mendi ostatuetan eman daiteke izena sei euro ordainduta, eta txapa bereizgarria hartuko da ordaintzean.

Biharamunean, martxoaren 1ean, urteroko mozorroen desfilea izanen da goizean, eta aurten ere mozorro lehiaketa eginen dute. Bi kategoria izanen dira: desfilekoa (taldeka zein bakarka) eta ostatuena. 637 046 893 telefonoan eman beharko da izena, kategoria zehaztuz, eta otsailaren 26a izanen da horretarako azken eguna. Desfileko kategorian 200 euroko bonua izanen da saria, Bertaneko komertzioetan gastatzeko. Ostatuen kategorian, berriz, Baztango Zaporeak elkarteko produktuen sorta eta oroigarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun