Aintzane ARIZTEGI, Lekarozko auzipetua
«Jendearen elkartasunak aunitz lagundu digu»
Urrun sentitzen dut Guardia Zibila deklaratzeko zitazioarekin etxeko atean agertu zitzaidan goiz hura, baina prozesu honen akabaila are urrunago sentitzen dut. Epaiketaren prozesua motela izan da, eta horrek nekea sortu du auzipetuongan. Gainera, gaia etengabe piztu eta itzali ibili den sentsazioa dut, baita kanpaldiaren garaian sortu zen garra denborak pixkanaka itzali duela ere. Eskerrak neke horren gainetik jarduteko gai garela.
Jendearen elkartasun haundia sentitu dut, eta horrek lagundu dit prozesua ahalik eta hoberen eramaten. Baztanen edozeinekin solastatzea bertzerik ez dago eskatzen digutena arras desproportzionala dela konturatzeko. Baztandik kanpo ere, gaiak hartu duen oihartzuna ikaragarria izan da. Dagoeneko sumatzen da zazpi auzipetuoi egin nahi diguten mina ez zaiela arduradunei merke aterako, eta hori da niretako elkartasunaren seinalerik argiena.
Epaitegia espazio hotz eta arrotza da niretako, eta bortz egun oso iraungo dituen epaiketa arras nekagarria izanen da seguru. Emaitza ez dago batere argi. Kartzela zigorra da epe motzean gehien beldurtzen nauena, baina baita proiektua gelditzearen 'arduradun' gisa izendatzeak ekar dezakeen bizi osorako zigorra ere. Gaur egun, enpresak Nafarroa eta Espainiako gobernuari eskatzen dizkien 43 miloi euroak gure gain eroriko balira, bizi osorako mugatuta bizitzea suposatuko luke zazpi auzipetuondako. Arrisku horren aitzinean, mobilizatzea eta gaia eztabaida publikoaren erdigunean kokatzea da egin dezakegun onena.
Gorka LAURNAGA, Elizondoko auzipetua
«Itxaropentsu nago, ez dute irabaziko»
Errusiar mendi horietako batean bezala sentitzen naiz: aldika lasai, bertzetan kolpeak eta beldurra... epaiketa hurbiltzen ari dela, tripako korapiloa gero eta estuago. Baina jendearen elkartasun haundia izan dugu, gogoan dut Lekarozko prentsaurrekora nola joaten zen jende sartuz eta sartuz... Euskal Herri osotik ere: Mungiatik edo Donaixtitik ailegatzen zaizkigu elkartasun argazkiak, iritzi artikuluak prentsan... Eta pertsonalean, ama ikustea Axularren zeloa erosten kartelak paratzeko… hunkigarria! Herri oso baten kontra izanik, afera kolektibo eta politikoa da, baina zaila da eskertu nahi ez izatea… hortaz, mila esker denoi!
Epaiketari dagokionez, diru eskaerak izutzen nau gehien: sententzian ateratzen bada proiektu osoa gure erruz gelditu dela (makina baten aitzinean esertzeagatik!) orduan biharko egunean gure bizkar egon daiteke proiektuaren kostu osoa, edo haiek asmatzen dutena, hobe errateko. Baina, ni itxaropentsu nago: ez dute irabaziko, ezta Erdizen ere. Bailara okerrarekin sartu dira!
Patxi BARBERENA, iruritarra
«Zigor pertsonalari erantzun kolektiboa eman behar diogu»
Kezka eta haserrea sentitzen ditut. Kezka lagunak ditudalakoz auzipetuen artean, eta haserrea baztandar gisa bidegabekeria honek sortzen didana. Halako makroproiektuen kontra, bide instituzionala blokeatuta, desobedientzia zibilaren tresna bakarrik gelditzen zaigu. Beraien ahalmen ekonomikoa erabiltzen dute herri mugimendua gelditzeko, zigor pertsonaletara joz. Borondate kolektiboa maila pertsonalera eraman dute, jakinda jende arruntak ez duela baliabiderik horrelako auzi judizialei aurre egiteko.
Hortaz, zigor pertsonalari erantzun kolektiboa eman behar diogu. Energiak aktibatu eta ahalik eta herritar gehien inplikatu. Herritarrok nolabait sinetsi behar dugu horrelako barrabaskeria judizialek ezin dutela aitzinerat egin, dena ez dela zilegi. Herri oso bat ordezkatzen dute auzipetuek.
Lierni OTEIZA, oronoztarra
«Enpresak egon beharko luke epaitegian, ez herritarrek»
Ustelkeria, injustizia eta fartsa bat bezala bizi dut dena. Enpresak egon beharko luke epaitegietan, obrak baimen guziak izan gabe hasteagatik, eta ez lurrak modu baketsuan defendatu dituzten herritarrak. Auziak herritarron antolakuntza zuzenean kriminalizatzen du, eta errepresioen bidez borrokak desartikulatu nahi dituzte. Nolabaiteko 'abisua' da Euskal Herriko borrokendako.
Hortaz, herri mugimendua baloratu eta horri ekin behar diogu, eta larunbateko manifestazio nazionalera joan. Kanpaldiak ongi erakutsi digu antolakuntzak eta elkarrengan sinesteak izan dezakeen indarra.
Alazne SANSIÑENA, elizondoarra
«Herri mugimendura lotu behar dugu»
Onartezina iruditzen zait obra bat gelditzeagatik eskatzen duten zigorra, eta kezkaz eta haserrez bizi izan dut prozesu hau. Denon kontrako erasoa da, baztandarrok behin eta berriz erran dugulakoz proiektu honen kontra gaudela. Zazpi baztandar epaitzen dituztenean, denok epaitzen gaituzte. Hortaz, herritarrok herri mugimendura lotu eta antolatzen diren ekintzetan parte hartu behar dugu. Otsailaren 1ean denak Iruñerat! Aroztegia geldituko dugu!
Leonor LABORRA, elizondoarra
«Gure marra gorriak argi utzi behar dizkiegu»
Urte aunitzetako borroka izaten ari da, eta denetik ekarri du: garaipenak, amorrua, ezjakintasuna… auzi honen inguruko kontrako posizioa beti izan dut argi, baina nire konpromiso maila aldakorra izan da. Nekagarria da urte luzez indar maila mantentzea, hortaz, Baztanen egin den lana eta tinko mantendu den herritar multzoa azpimarratu nahiko nuke.
Makroproiektuak sortuko lukeen kalte ekologikoa itzulezina da, eta aldaketa sozial oso bat ekarriko luke. Hortaz, partidu politikoak eta enpresaburuak presionatu behar ditugu, gure marra gorriak argi utziz, gure artean saretzen eta bidegabekeriak salatzen. Kontziente izan behar dugu ere helduok haur eta gazteengan dugun eraginaz. Haiek gidatuko dute etorkizuna eta momentu honetan gu gara eredu.
Oiher URRUTIA, erratzuarra
«Herri oso baten kontrako erasoa da»
Prozesua hasmentatik bizi izan ez dudan arren, kezka eta ardura haundiarekin bizi izan dut. Heldu den maiatzeko auzian zazpi lagun epaituko badituzte ere, herri oso baten kontrako erasoa da. Izan ere, hogei urte luze hauetan, hamaika aldiz erakutsi du herriak ez dagoela ados proiektu suntsitzaile honekin. Hortaz, prozesuarekin laguntzeko, herritarrok lehenik informatu eta iritzi bat osatu behar dugu, ondotik norberaren ideiak zabaldu eta sare bat sortu ahal izateko.
Elurre IRIARTE, arizkundarra
«Aroztegiko prozesua gezurretan oinarritzen da»
Urte guzi hauetan modu eta intentsitate desberdinez bizi izan dut prozesua, baina beti haserre haundiarekin. Espekulazioaren bidez aberasteko nahia gauza guzien gainetik egoteak haserrarazten nau. Proiektua Baztanen kontrako erasoa da, herritarren eta administrazioaren nahi eta beharren gainetik pasatu delakoz. Eta epaiketa berdin, zazpi pertsona zigortu nahi dituzte, baina sinbolikoki herri oso bat zigortzen dute: Onartu ematen zaizuena ematen zaizuen bezala, bertzenaz zigortuko zaituztet.
Herritarrok ez ditugu haien gezurrak sinetsi behar, gezurretan oinarritutako prozesua baita. Mobilizatu behar dugu, manifestaziorat joatea inportantea da, baina ez da hor akituko. Beharrezkoa da elkartzea inposizioen kontra egiteko.