Lekarozko Aroztegia proiektuaz

«Herria prest dago errepresioari aurre egiteko»

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 30a, 11:00

Xabier Ertze eta Markel Adin

Aroztegiko proiektuko lanak gelditu nahian, kanpaldi baketsua egin zuten hainbat herritarrek 2021ean Lekarozen. Obra gelditzea lortu zuten, baina zazpi baztandar deklaratzera deituak izan ziren 2022an, eta maiatz hondarrean izanen dute epaiketa. Egoera salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko asmoarekin, Aroztegiko Elkartasun Komiteak manifestazio nazionala antolatu du, otsailaren 1ean Iruñean. Komiteko kide diren Markel Adin eta Xabier Ertzerekin mintzatu da TTIPI-TTAPA.

Nondik heldu da Aroztegiko afera?

Zaila da 20 urteko ibilbidea duen proiektua laburki esplikatzea. 20 urteko borroka da hau, Lekaroz biderkatu nahi duen eta interes pribatua eta pertsonala duen proiektu baten kontrako borroka; bertako hizkuntzan, kulturan eta ekonomian eragin izugarria izanen lukeen proiektu baten kontrakoa. Zehazki, Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruko lurretan 228 familia bakarreko etxebizitza eraikitzea, jauregia bera luxuzko hotel bihurtzea eta golf zelai bat egitea barnebiltzen ditu. Nahiz eta herria betitik proiektuaren kontra agertu (herri galdeketetan, manifestazioetan…), 2021ean Palacio de Arozteguia SL enpresak hondeamakinak sartu zituen Aroztegiko lurretan. Obra hura geldiarazteagatik, zazpi herritar epaituak izanen dira.

Nolakoa izan da prozesu judiziala orain arte?

Hasteko, erran nahi genuke prozesua oraino ez dela akitu; denbora eta borroka aunitz gelditzen da. 2022an auzipetuak deklaratzera deituak izan ziren momentutik, akusazioak modus operandi bera erabili du behin eta berriz; auzipetuak eta herri mugimendua ezjakintasun egoeran mantenduz, presio psikologikoa eragitea. Adibide argia da fiskaltzak negoziazio mahai batera deitu izana, enpresaren abokatuek data etengabe aldatzea, eta azkenean akordioari uko egitea, auzipetuak epaiketarat bidaltzeko. Horretan jokatzen ari dira, horrek dakarren denbora, diru eta tentsio momentuekin.

Nola ikusten duzue epaiketa?

Akusazioak data berriz gibeleratu du, eta oraingoz dakiguna da epaiketa maiatzaren 19tik 23rat izanen dela. Aste osoko epaiketa izanen da, horrek suposatzen duen zama ekonomiko zein psikologikoarekin.

Zer da zehazki auzipetuei leporatu dietena?

Derrigortze eta bortxa delituagatik 12 hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute, eta talde kriminal antolatua izateagatik 22-25 hilabete. Horrez gain, bi delitu hauei lotutako isun ekonomikoak (56.000 euro osotara), eta bertzelako eragin penalak, adibidez, inhabilitazioak.

Jendearen aldetik elkartasuna ikusi duzue?

Bai, Euskal Herri osoko eragile zein norbanakoek beraien elkartasuna adierazi digute hainbat modutan, baita manifestazioari atxikimendua adierazi ere. Horrez gain, nazioartetik ere elkartasun keinuak ailegatu zaizkigu: Herrialde Katalanetatik, Espainiar Estatuko hainbat lekutatik, Europako zenbait txokotatik, Latinoamerikatik…

Egoera azaltzeko solasaldi ugari egin dituzue Euskal Herri osoan, ezta?

Horretan gabiltza. Azken asteetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna ibili gara gure kasua esplikatzen. Hala ere, hitzaldiez gain, gure egoera bertze hamaika modutara eman dugu ezagutzerat; azalpen bideoen eta eskuorrien bidez, komunikabideekin harremanetan jarriz…

Isunari aurre egiteko diru bilketa ere egin zenuten. Herriaren erantzuna ona izan zen?

Ikaragarria. 56.000 euroak lortzea uste baino errazagoa izan zen, herriak elkartasunez erantzun baitzuen. Beraz, Aroztegiko Elkartasun Komitearen izenean, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiegu ekarpen ekonomikoa egin duten pertsona guziei. Horrek berriz ere erakusten digu badagoela herri bat proiektuaren kontra dagoena, eta behar den modu zein momentutan prest dagoela errepresioari aurre egiteko.

Aroztegiari dagokionez, nola ikusten duzue proiektuaren egoera?

Bere egunean obrak geldiarazi bagenituen ere, Palacio de Arozteguiak oraindik 2039ra arteko baimena du proiektua egiteko. Beraz, edozein egunetan obrak berriz has daitezke Lekarozen.

Honen inguruan sortutako mugimenduak eta izan duen ondorio judizialak Euskal Herrian aurrekari bat sor dezakeela uste duzue?

Talde kriminal antolatu gisa kondenatuak izateak aurrekari judizial bat ekar dezake Euskal Herriko herri mugimenduarendako, batez ere lurraren defentsan dabiltzan mugimendu guziendako. Sos nahia dutenek gure mendi eta basoak pribatizatzen eta etekin propiorako ustiatzen dituzten bitartean, sistema judizialak bermeak paratzen ditu enpresa kapitalistek inpunitate osoz jokatzeko, herriaren borondatea isilaraziz eta kriminalizatuz.

Enpresak 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatu die Nafarroako eta Espainiako gobernuei, ezta?

Hori da, proiektua aitzinerat eramateko berme aski ez paratzeagatik eskatu die milioikada hori enpresak bi gobernuei. Finean, polizia aski ez jartzeagatik herri borondatea gelditzeko. Espainiako zein Nafarroako gobernuek ordaintzen ez badute, diru multzo horren erantzukizuna auzipetutako zazpi pertsonen gain eroriko litzateke. Horrela, zazpi pertsona kondenatu eta ezgaitu edo inhabilitatuko lituzkete haien bizi osorako. Honekin argi ikus daiteke enpresaren helburua zein den; proiektua egin edo ez, dirua ateratzea, izan etxeak salduz edo 43 milioi euroko kalte ordaina eskatuz.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Eskerrak eman nahi dizkiegu Aroztegiko borroka eta larunbateko manifestazioaren deialdia babestu eta zabaldu duzuen guztiei, eta borroka honetan edozein modutako ekarpena egin duzuen guztiei. Oroitarazi nahi dugu larunbatean dugun hitzordu garrantzitsua; 16:00etan Iruñeko epaitegietatik abiatuko den manifestazioa, eta manifestazio horretan parte hartzearen ikaragarrizko garrantzia ere, auzi honen aitzinean karrikarat ez ateratzeak, zazpi baztandar kartzelerat bidaltzea erran nahi baitu. Beraz, larunbatean denok Iruñera!

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun