Bi hilabete pasatu dira META Mendialdeko Etxebizitza Taldeak «putre funts batek Arizkunen familia bat etxetik bota nahi duela» jakinarazi zuenetik, «tartean bi adin ttikiko». Bada, atzo goizeko agerraldian, Arizkungo etxegabetzeak aitzinera segitzen duela salatu nahi izan zuten. Kontatu zutenez, «azken bi hilabeteotan denbora irabaztea lortu badugu ere, hau ez da inondik inora akitu». Gainera, «familiak bankuaren eta putre funtsaren aldetik presioa izan» duela adierazi zuten; «akordio estrajudizial batera ailegatzeko presionatuak izan dira etxebizitza utzi dezaten lau sosen truk. Ez da akordiorik izan, familiak ez baitu deus egiterik diru horrekin, bizitoki alternatibarik gabe».
«Hau ez da etxegabetze kasu bakarra izanen, ez azkena»
Ohartarazi zutenez, «segur aski hau ez da Baztango etxegabetze kasu bakarra izanen, ez azkena. Gizarte kapitalista krisian den honetan, gizartearen polarizazio ekonomiko eta soziala geroz eta nabariagoa da». Adierazi zutenez, «etxebizitzaren negozioak» alde batean «irabazi handiak sortzen ditu» eta bertze aldean, «langileriaren geruza geroz eta zabalagoen pobretzea bizkortzen da». Gehiago ere bai. «Bizitzaren garestitzea orokortua» dela kritikatu zuten, eta gisa berean, «geroz eta gehiago direla beren bizi baldintza oinarrizkoenak ere ukatuak dituztenak, eta horien artean dira, noski, etxebizitza merkatutik bortxaz kanporatuak direnak». Horren adibide «argia» Arizkungo kasua dela erran zuten: «Putre funts batek familia bat etxetik bota nahi du irabazi ekonomiko hutserako».
Horrekin batera, «etxebizitzaren negozioa bultzatzen duten politika instituzionalek ez dutela arazo hau konponduko» aipatu zuten atzo, eta are gehiago, «arazoaren erroa estaltzen laguntzen dutela» gaineratu zuten. Gehiago ere bai: «Etxebizitza merkatu ondasuna den bitartean, ez da eskubide unibertsal, doakoa eta kalitatezkoa izanen. Eta badakigu, hortaz, negozioa akitu gabe ez direla etxegabetzeak akituko». Hala, etxegabetzeen kontra borrokatzeko deia egin zuten, eta bide batez, abenduaren 14an Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzeko mezua zabaldu zuten. Egun horretan Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! lelopean manifestazioa egitekoa da, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak deituta.
Laguntzeko baliabideak
Etxegabetzearen kontra, Mendialdeko Etxebizitza Taldea eta Baztanen Bizi Nahi Dugu elkarlanean ari direla ere oroitarazi zuten atzo Elizondon, eta bide beretik, «eskualdeko etxegabetze kasuen berri bildu, artatu eta horien kontra mobilizatzeko helburuarekin» telefono zenbaki bat eta e-mail bat paratu dituzte martxan: 664 00 91 63 eta mendetxebizitzataldea@gmail.com.
Hemendik aitzinera eginen dituzte deialdiei begira, «erne» egoteko erranez akitu zuten atzoko agerraldia.