METAren arabera, «duela sei urte inguru bizi da familia bertan, eta adin txikiko bi seme-alaba dituzte. Azken urteotan, erabat utzita aurkitu zuten etxebizitza bat egokitu eta zaindu dute, hura espazio bizigarri bihurtuz, baina berriki segizio judiziala agertu zaie etxean, etxe horren aitzineko jabearen hipoteka exekutatzen ari direla eta bertatik kaleratuko dituztela erranez». Gaineratu duenez, «prozedura judiziala martxan da dagoeneko eta edozein momentutan ailegatzen ahal da etxegabetze agindua».
«Familia arrazoizko alokairua ordaintzeko prest» dagoela dio METAk. «Hala ere, aski ezaguna da Mendialdean etxebizitzarekin daukagun arazoa. Baztanen, Malerrekan zein Bortzirietan etxebizitzarako sarbidea ia ezinezkoa da, ez bakarrik geroz eta gehiago estutzen gaituen alokairuen garestitzearengatik, baizik eta dagoen eskaintza urria geroz eta gehiago bideratzen delako bigarren etxebizitzetara, landa turismoaren beharrak asetzera edo, kasu honetan bezala, inbertsio funtsen espekulaziora eta etekin hutsera».
Hala, egoera «larria» dela eta, «langile familien etxebizitzak kapitalisten eta espekulatzaileen atzaparretatik defendatzeko» deia egin du METAk, «bai ala bai, gaur haiek diren bezala, bihar gu izan gaitezkeelako».
Horrekin batera, urriaren 4ko asanblada irekira joateko mezua zabaldu du, «etxegabetzearen berri eman eta horren kontra antolatzen has gaitezen». Elizondon, Merkatuko Plazan bilduko dira, gaztetxe pareko arkupeetan, 19:00etan.