[GUTUNA]: 'Altsasu berri bat' Baztanen?

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 1a, 12:00

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoak Altsasuko zortzi gazte zigortu zituen bere garaian, bi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezarriz, gorroto eta lesio delitu batengatik, Guardia Zibileko bi kiderekin eta haien bikotekideekin izandako liskar baten ondorioz. «Lesio txikiak» eragin zituen, eta bere garaian Guardia Zibilaren koronel buruak «gorroto delitu» gisa kalifikatu zuen.

Altsasuko gaztetxoentzako amesgaiztoa amaitu ondotik, Nafarroan beste «casus belli» bat ikusi ahal izanen genuke, oraingoan «talde kriminal antolatu bat osatu eta Lekarozko  Aroztegiaren obrak geldiarazi bitartean hertsapenak egitearen» ustezko delitu batean bilduta.

Hala, Baztango zazpi gazteri «talde kriminal antolatu bat osatzea» leporatu diete, eta 2025eko otsail hasieran epaiketari aurre eginen diote; izan ere, fiskalak hasiera batean «talde kriminal» baten akusazioa kentzeko prest zegoela erakutsi bazuen ere, Palacio de Aroztegia S.L. enpresak akusazioa berretsi du, eta horrek akordiorako aukera guztiak zapuztu ditu.

Akusazioak 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen du guztira, inplikatutako gazteen hitzetan «herriaren borroka deslegitimatu eta isilarazi nahi dute». Epaiketa horrek gaitzespen erreakzio herrikoi eta instituzionala eraginen du, eta hori otsailaren 1erako Iruñean deitutako manifestazioan islatuko da; izan ere, akusatutako baztandar gazteen hitzetan, «epaiketa honek aurrekari bat sortu nahi du Euskal Herri osoko borroka guztientzat».

Gazte horiei espetxe zigorra ezartzen bazaie, horrek erran nahiko du Aznar doktrina ezarri eginen dela. Doktrina hori honako honetan datza: «Espainiako Estatuan nagusi den establishment mezuari talde eta erakunde diskoloak eta erregogorrak kriminalizatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun