Ehunka lagun bildu ziren atzo iluntzean Lekarozko frontoian, Aroztegiko zazpi auzipetuen adierazpenei elkartasuna adierazteko. Denetara, fiskalak 56.000 euroko isuna eta 20 urteko kartzela zigorra eskatu die, 2021ean kanpaldi baten bidez Aroztegiko lanak gelditzeagatik. Zehazki, «talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak» egotzi dizkiete, «auzitegiak obraren esleipena ilegala deklaratu bazuen ere».
Adierazi dutenez, «fiskalak akordiorako deitu gaitu, eta gure posizioa zentzuzko akordio batera ailegatzeko borondatea agertzea da. Argi utzi nahi dugu gure lurraren eta bizimoduaren kontrako erasoa den obra hau desobedientziaz gelditu izana onartzen dugula, eta horren ondorioak onartzeko prest gaudela. Baina ez dugu onartzen talde kriminalaren akusazioa, gezurra delakoz eta Euskal Herriko borrokei aurrekari bat sortzeko asmoa duelakoz».
Hala ere, «Palacio de Arozteguia akusazio honekin tematu da, eta akordiorako aukera zaborrontzira bota dute. Ondorioz, auzia epaiketara joanen da». Auzipetuek atzo jakin zuten otsailaren 3tik 7ra izanen dela epaiketa, «eta bidegabekeria hau salatzeko manifestazio nazionala eginen dugu otsailaren 1ean Iruñean».
Honez gain, enpresak «biktimaren papera» hartu duela salatu dute; «Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin irekita dituzten auzietan 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatu dute, herriaren oposizioaren aitzinean babes gabe utzi dituztela argudiatuz. Diru publikotik sosketa hau eskuratu nahi dute, herritarren kontura espekulazio eta gezurren bitartez aberasten segitzeko».
Azkenik, oroitarazi dute «Aroztegiko proiektuaren UGEPa oraindik indarrean dela, eta gure borroka ez dela akitu. Ozenki salatu nahi dugu urteetan pairatu dugun errepresio basatia, gure bizitzak hankaz goiti jartzea, itotze ekonomikoa eta urtetako judizializazio eta espetxe mehatxua. Baina argi utzi nahi dugu ez gaituztela isilduko eta traba guzien gainetik karrikak inarrosten segituko dugula, herri oso baten borondatea baita».