Bestak 2024

«Zopak eta herri bazkaria maite ditut gehien»

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 09:00

Elbeteko bestak prestatzen aritu den gazteetako bat da Aitor Iturralde Goñi, eta antolakuntzan eta besten inguruan mintzatu da

Nola definituko zenuke zeure burua?

Geldirik egoten ez den hemeretzi urteko gazte baztandar bat naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Lagunekin denbora pasatzea, bestan edo arratsalde pasa, eta ahal denean kirol pixka bat egitea.

Zerk egiten ditu berezi Elbeteko bestak?

Ttikitatik hemen bizi izan naiz, betitik ikusi dut bestetan herritarren artean sortzen den elkartasuna eta egun hauetan elkarrekin disfrutatzeko aukera izatea ederra da.

Zein dira dituzun bestetako lehenbiziko oroitzapenak?

Ttikitan ilusio gehiena haurraren egunak egiten dizu. Bereziki gogoan ditut puzgarriak eta herritik pasatzen zen trena.

Eta gaur egun zein da gehien gustatzen zaizun eguna edo jarduera? 

Gaur egun zopak eta herri bazkaria maite ditut gehien, herrikoak gaudelakoz. Zikiroa ere gustuko dut bertze herrietakoak ere hurbiltzen direlakoz, eta plaza betea ikusteak aunitz pozten nauelakoz.

Besten aitzinetik dena prestatu beharra da. Nortzuk aritzen zarete? 

Bestak gazteen artean antolatzen ditugu. Batzuk hartua dute ardura, bertzeok laguntzen aritzen gara eta asmoa da horrela ikasten joatea, gure artean elkarri txanda eman eta etorkizunean bestak antolatzen guk segi ahal izateko.

Zenbat denborarekin hasten zarete prestatzen? 

Ez dugu data zehatzik hasteko, baina saiatzen gara tenorez ibiltzen musika hasieratik lotzeko. Gutti gora behera, lauzpabortz hilabete lehenago hasten gara elkartzen. 

Zerk ematen du lan gehien?

Musika aukeratzeak, ez da lan zaila baina deborarekin egin behar da. 

Zerbait aldatuko zenuke?

Aurrekontua handiagoa balitz zerbait aldatzerik egonen litzateke, baina daukagunarekin besta borobilak izaten direla iduritzen zait. 

Zure asmoak epe motzera? 

Bestetan gozatzea. Gonbidapena ere egin nahi nieke inguruko herrietakoei, etor daitezela gurekin batera ongi pasatzera.

Eta epe luzera?

Urtetik urtera bestak hobetzen joatea, jarduera berriak sartzea... hori delakoz etorkizunean herrietako bestak bizirik segitzeko sekretua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun