N-121-A

Belateko tunelak bi noranzkoetan itxiko dituzte abuztuaren 19tik urriaren 31ra arte

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 13a, 13:30

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bikoizketa lanak direla eta, Belateko eta Almandozko tunelak itxiko dituzte heldu den astelehenetik aitzinera bi hilabete eta erdiz.

Aurreikusi dutenez, abuztuaren 19tik urriaren 31ra arte bi noranzkoetan egonen dira itxiak tunelak. Bi hilabete eta erdi horietan NA-1210 errepidetik, hau da, Belateko gainetik desbideratuko dute trafikoa. Gainera, ibilgailu astunak A-15 eta AP-15 errepideetatik joatea gomendatu dute.

Tunelaren hegoaldean egiten ari diren lanen ondorioz itxiko dute bidea. Zehazki, ezponda egiteko indusketa lanek errepidean sor ditzaketen arriskuak saihestu nahi dituztela adierazi du Oskar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak, gaur goizean Elizondon eskualdeko alkateekin egindako bileran.

Tunelaren hegoaldean eginen duten ezpondaren ondorioz itxiko dute bidea. Naf. Gob.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun