Aurten ere egoiliar batek botako du txupinazoa: Ion Albizek. «Aunitz gustatzen zaizkio bestak; lehenbiziko egunetik azkenekora zapia jantzi eta ilusio eta gogo haundiarekin bizitzen ditu. Hori dela eta, aukera ematea aproposa iruditu zitzaigun». 27 urte daramatza Albizek Elizondon bizitzen; «zentroan gehien eramaten duen erabiltzaileetako bat da».
Bestetarako gogotsu
«Mutil leiala, langilea eta alaia, ondokoa laguntzeko beti prest». Horrelaxe definitu du bere burua Albizek. Futbola ikustea gustuko du, «Osasuna eta Baztan taldeak» batez ere, eta «aunitz disfrutatzen dut Elizondoko karriketan paseatzen eta ostatuetan zerbait hartzen».
27 urteren ondotik, «baztandarra sentitzen naiz, eta niretako, Elizondoko bestak, nire herriko bestak dira». Egun horietan dena gustuko du; «alde batetik, urte guzian gutti ikusten duten herritarrekin topatzea eta solastatzea polita iruditzen zait. Bertzalde, erraldoiak eta buruhaundiak aunitz gustatzen zaizkit, baita dantzaldiak ere. Gainera, Baztango janari tipikoarekin aunitz disfrutatzen dut, zopekin batez ere».
«Arras kontent» dago txupinazoa botako duelako; «erran zidatenean ezin nuen sinistu, harro eta pozik sentitu nintzen. Eskerrak eman nahi dizkiet aukera hau eman didaten guziei. Arras gustura bizi naiz hemen eta aukera hau bizitzeko irrikan nago. Gora Elizondoko bestak!».