Bestak 2024

«Bestetako kontzertuak arras harrera ona izaten du jendearen aldetik»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 13:00

Elizondoko 29 urteko neska gaztea da Amaia Bertiz. Musika du gustuko, eta Elizondoko Recreo musika bandan klarinetea jotzen du gaur egun.

Musikarekiko zaletasuna

«Ttikitatik» izan du etxean musika presente, «gurasoek beti eraman izan gaituzte gaitari eta txarangen gibeletik, eta musika emanaldi aunitzetara. Guttinaka-guttinaka zaletasuna hartu nuen, eta nik ere haietako bat izan nahi nuen».

Sei urterekin hasi zen musika eskolan ikasten, eta zazpi urterekin hartu zuen klarinetea; «adin hartan musika instrumentu aunitz erakutsi zizkiguten eta klarinetea izan zen interes handiena piztu zidana».

«Mota aunitzetako musika» aditzen du orain, «gehien bat rocka. Baina egia da musika mota hori haizezko instrumentu batean jotzea ez dela erraza, egokitzapenak lortzea edo egitea zaila delakoz». Hori dela eta, «jotzeko gehien disfrutatzen ditudan obrak pelikuletako soinu bandak dira».

Emanaldiz emanaldi

12 urte ingururekin erabaki zuen Bertizek Elizondoko bandan sartzea. Azaldu duenez, gaur egun, «45 bat lagunek osatzen dugu taldea, eta gehienok haizezko instrumentuak jotzen ditugu: tronpeta, tronboia, tuba, bonbardinoa, tronpa, saxofoia, flauta eta klarinetea». Baina noski, perkusioak eta hari instrumentuek ere bere lekua dute; «geroz eta instrumentu gehiago sartzen ari gara, lira adibidez, soinuan aberastasuna lortzeko».

Urtean hiru-lau emanaldi egiten dituzte: «Eguberrietako kontzertua, udaberrikoa, bestetako kontzertua eta, aukera dugunean, Nafarroaren egunean ere emanaldia egiten dugu». Horrez gain, «egun berezietan ere karrikara ateratzen gara, adibidez, Olentzero eta errege egunetan».

Bestetako kontzertua «berezia» dela azaldu du, «harrera arras ona izaten du publiko aldetik eta hori aunitz gustatzen zaigu». Hala ere, «niri gehien gustatzen zaidana udaberrian egiten duguna da. Duela urte batzuk gai desberdinak aukeratzen ditugula kontzertua horretan oinarritzeko, eta horrek bizitasuna ematen dio».

Baina kontzertuen aitzinetik, doike, ongi prestatu beharra dago. «Astean bi orduko entseguak egiten ditugu urte osoan, nahiz eta bestak pasatuta atsedenaldia egiten dugun irailera arte». Etxean, berriz, «gazteago nintzelarik arduratsuagoa izaten nintzen ordutxo pare bat praktikatzeko, baina egia da orain ez dudala denborarik hartzen horretarako, eta taldean entseatzen dugunean, horren falta nabaritzen dut».

Bestetarako prest

«Gogo haundiarekin» bizitzen ditu Bertizek Elizondoko bestak; «kuadrillarekin elkartzea eta urtean guti ikusten dudan jendearekin egotea aunitz gustatzen zait. Herriko bestak beti dira bereziak, eta adin eta interes guziendako ekintza aunitz antolatzen dira».

Ttikitatik oroitzapen «arras onak» ditu, «buruhaundien aitzinetik lasterka ibiltzea, gurasoen lagunekin egiten genituen afarietan petardoak eta suzko bolkanak botatzea…». Gaur egun, berriz, «zikiro eguna da gehien gustatzen zaidana, bai bazkaria eta baita txarangarekin herritik ematen dugun buelta ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun