Bestak 2024

«Berdintasuna lortzeko bidean bakoitzak bere ardura du»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 12:00

«Feminismoan bizitzea gustuko duen neska». Horrelaxe aurkeztu du bere burua Garazi Sarobe Sansiñena elizondoarrak. «Musika entzutea eta dantzatzea, maite dudan jendearekin egotea, lekuak ezagutzea eta etengabe ikastea» du zaletasun, bertzeak bertze.

Herriko bestei begira, «bertzelako ilusiorik» egiten ez badiote ere, «seguruak diren espazioetan lagunekin gozatzea» du gustukoen. «Herriko jendea elkartu eta edozein zapalkuntza edota erasoren aitzinean borrokatzeko prest agertzeak» egiten ditu berezi egun horiek; «mutil dantza berdinzaleetan dantzatzea, erasoen aitzinean antolatu eta elkartzea…» eta horregatik erabaki du aurten ere Brigada Morean parte hartzea.

Neska* eta emakumeen* mugimendua

Elizondoko Brigada Morea egiten duten hirugarren urtea izanen da aurten, «orain arte arras tresna erabilgarria eta beharrezkoa izan da, eta ziur nago aurten ere hala izanen dela».

Berriki arte, «bestetan gerta zitezkeen eraso sexista guziak Puntu Morearen bitartez artatzen ziren, baina egun bakar batez egoten zen. Duela bi urte, ordea, Baztan Iñarrosiz taldeko kideok horri buelta emateko beharra sentitu genuen, alde batetik erasoak egun bakarrean artatzea ez zitzaigulakoz nahikoa iruditzen, eta bertzetik, erasotua guregana hurbiltzea hurbilagoa eta pertsonalagoa izanen zela pentsatu genuelakoz. Hori dela eta, gure errekurtsoekin brigada moduko bat osatzea erabaki genuen».

Lehenbiziko urtean «taldeko kideak bakarrik» antolatu ziren, «baina iaz Berdintasun Batzordearekin eta Besta Komisioarekin elkartzea eta sarea zabaltzea erabaki genuen. Horrek, brigadako kide gehiago bermatzeaz gain, hainbat estrategia eskaini zizkigun; formakuntza eta jakintza, mugimentu feministan militatzen ez dutenen parte hartzea, ikuspegi zabalagoa… 55 bat lagun bildu ginen».

Azken finean, «Brigada Morea antolatzearen garrantzia hurrengoa da: batetik, erasotuarendako hurbileko akonpainamendu seguru eta errespetutsua ziurtatzea, eta bertzetik, Baztango neska* eta emakumeen* artean sarea osatu eta elkarren artean ahaldundu eta zaintzea».

Gune seguruak helburu

Besta giroa «ez dela segurua» adierazi du, «espazio seguruak guk geuk sortu behar izaten ditugu. Eskualdean arras onartuak daude erasoak».

Izan ere, «eraso sexistak norbait bortxatzea edota bere baimenik gabe ukitzea baino aunitzez gehiago dira: mutil zein gizon aunitz taberna edo plazetan kamisetarik gabe egotea, tabernako espazio gehienak bereganatzea, pareta edo barra kolpatuz, oihu eginez, edo orangutanak bezala jokatuz. Begiradarekin deseroso sentiaraztea, familiako bazkarietan txiste misogino, homofobo edo tankerakoak egitea eta mutil dantzak elizako atarian dantzatzea ere erasoak dira. Zerrenda amaigabea da».

Azken batean, «gizon izateak suposatzen duen askatasunaren izenean nahi duzun guzia egiteak, eta gainera zure kuadrillaren zein kuadrillakoak ez direnen babesa izateak, ahalbidetzen du erasotzaileak egotea. Konplizerik eta konplizitaterik gabe, gauzak aunitz aldatuko lirateke».

Protokoloa martxan

Erasoei erantzuteko, «hasteko brigada antolatzeko deialdia eginen dugu, eta protokoloa azalduko dugu. Taldea sortuta, bestetan brigada izanen dela helaraziko dugu, eta bestak hastean, kamiseta zahar, oihal zati, zapi edo edozein trapu more erraz ikusten den leku batean jantziko dugu».

Prestaketak eginda, «norbait guregana eraso bat salatzera hurbildu arte itxarongo dugu, eta protokoloa martxan paratuko dugu». Bestak akitzean, berriz, «eraso guzien analisia eginen dugu eta erasoa jasan duenak nahi izanez gero, prentsaurreko, elkarretaratze edo dena delakoa antolatuko dugu».

Norbaitek protokoloaren berri izan nahi badu, «brigadaren hitzorduetara agertu edo gutako bati galde diezaioke. Baina hitz guttitan, protokoloaren helburu nagusia da erasotuaren segurtasuna eta babesa bermatzea, uneoro bere erabakiak eta prozesuak errespetatuz».

Herrigintzaren garrantzia

Erasoen prebentzioa eta horien aurkako erantzunak sustatzeko, Baztango Berdintasun Zerbitzuak formakuntzak eskaini ditu. «Arras garrantzitsua da denok saio hauetan parte hartzea, nahiz eta brigadan ez parte hartu, guttieneko ezagutza eta kontzientzia edukitzeko. Herritar guziak animatu nahiko nituzke prozesuan bere aletxoa paratzera. Guri bereziki, protokolo osatuago bat gauzatzeko aukera eman digu, baita bertze herrietako errealitateak ezagutzeko eta elkar elikatzeko ere».

Herrigintzan aritzea inportantea da, «betiere kontzientzia minimo bat izanda eta barneratutako gauza aunitz deseraikitzeko prest baldin bazaude. Berdintasuna lortzeko bidean bakoitzak bere ardura du eta beharrezkoa da norberak bere moduan parte hartzea, zapalkuntza eta eraso ororekin akitzeko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun