Ikasterakoan, haurrak «esponjak bezalakoak» direla dio, «denbora guttitan primeran ulertzen baitute zaldiaren maneiua eta zein den zaldian ibiltzeko modurik seguruena, bai lurrean eta baita zaldi gainean ere». Horrez gain, «pertsona tituludunek eta urteetako esperientzia dutenek zuzendutako jarduera orok segurtasun plus hori ematen die gurasoei».
Haurrendako ez ezik, lanbide heziketako eskaintza ere dute. «Alde batetik, Elizondoko ikastetxetik astean bi egunetan etortzen zaizkigu ikasleak, eta bertzetik, eskola pribatua daukagu, non zalditegiko kirol teknikarien heziketa zikloa eskaintzen dugun. Titulazio hori beharrezkoa da zalditegiko irakaslea izateko».