Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Nafarroako EH Bilduk «arras larritzat» jo du Aroztegiko auzipetuen zigor eskaera

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 18a, 11:00

«Baztandarrek beraien burua eta lurrak defendatzeko duten eskubidea kriminalizatzeko saiakera» salatu du taldeak, eta elkartasuna adierazi die zazpi auzipetuei. Gainera, «Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala deuseztatzeko eta foru intereseko izaera kentzeko» eskakizuna egin dio Nafarroako Gobernuari

Nafarroako EH Bilduk adierazi duenez, «fiskalaren eskaerak argi uzten du zein den esku-hartze judizialaren helburua auzi honetan: Aroztegiko proiektuaren aurkako erantzun herritar oro kriminalizatzea. Ez da proiektuari lotuta baztandarrek jasan behar izan duten lehenbiziko jazarpen judiziala, baina oraingoan, bertze maila batera eraman nahi izan dute». Azken batean, «auzipetuek egin duten gauza bakarra baztandarren gehiengoak hartutako erabakia defendatzea izan da».

Proiektuaren oinarria «espekulazioa» dela salatu dute eta Nafarroako Gobernua kritikatu dute; «ingurunea eta bertako herritarrak kontutan hartu gabe etekin ekonomikoak bilatzen dituen proiektu pribatua babestu eta blindatu nahi izan du Udalez Gaindiko Plan Sektoriala tresna erabiliz».

Hori dela eta, «bada garaia proiektu hori behin betikoz bertan behera uzteko eta UGPSaren tresnari buruzko gogoeta sakona egiteko. UGPSa ezin baita bilakatu tokiko erakunde eta herritarren borondatearen gainetik pasatzeko tresna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun