Udal taldeak adierazi duenez, «Baztango Independenteen hautagaitzak ezustea eta harridura sortu zuen, baztandar gehienek geure buruari galdera bera egin geniolako: Zerk elkartu du hain ideologia desberdineko jendea? Zer lortu nahi dute? Interes pertsonalak defendatzeko elkartu zirela zabaldu zen, eta hori bera aitortu zuen taldeak hauteskunde kanpainan. Beharbada ironia kutsuarekin erran zuten hori? Ez dakigu. Urte bat pasa da orduz geroztik eta alderdiaren jokabidearen arabera norberak atera beharko ditu ondorioak».
«Izorratzeko asmoa»
Taldeak «izorratzeagatik egiten omen ditu gauza batzuk, izorratzeko asmoa dutela aditu izan diegu noizbait. Nor nahi dute izorratu? Udal Gobernu Taldea? Edo baztandarrak oro har? Zein da beren estrategia? Baztango erakundeak barnetik eraistea udalaren, Batzar Nagusiaren eta herrietako batzarren aurka joz? Hala bada, gu saiatuko gara beren helburuak zapuzten, eta espero dugu baztandarrek ere arduraz jokatuko dutela».
Independenteen asmoa «intsumisioa eta desobedientzia aktiboa egitea» ez ote den galdetu du udal taldeak; «horrek argituko luke zergatik ez duten parte hartzen hainbat administrazio kontseiluetan, batzordeetan edota osoko bilkuretan, gehienetan huts egitearen aitzinean inolako justifikaziorik agertu gabe. Gogoratu nahi diegu hautetsiak herritarren ordezkariak direla eta beren betebeharra dela parte hartzea».
Nekazaritza Politika Bateratua
NPB edo PACa da «Independenteak taldearen gai izarra, hitzez bederen. Ekintzei dagokienez, gauzak desberdinak dira». Mendiko hektareak esleitzeko irizpideak adosteko, «bilera aunitz egin ditu Batzar Nagusiak, eta aitzinera begira ere gehiago eginen dira. Hamarnaka ordu eman ditugu batzarkideek dena antolatzen, eztabaidatzen eta adosten, eta harrigarria bada ere, Baztango Independenteak taldeko zinegotziek ez dute beren kabuz proposamenik aurkeztu».
Gainera, bileretan agertutako jarrera «eztabaidagarria» dela salatu dute; «hainbat arrazoirengatik, atentzio falta tarteko, bilerak errepikatzea eskatu dute behin baino gehiagotan. Horrez gain, nahiz eta bileretan aho batez adostutako neurriak izan, osoko bilkuran kontra bozkatu izan dute».
Hori dela eta, «gure sentsazioa da haien helburu bakarra NPBrako hektarea gehiago edukitzea dela». Izan ere, «lur eskasia izan arte ez zen inongo arazorik, nahiz eta denak jakitun ginen ez zela azienda larretzen, oinarrizko baldintzetako bat izanagatik. Hektarea galera Baztango Udalaren edo Batzar Nagusiaren ardura dela salatu dute, baina azienda ez larretzeak ez ote du eraginik mendiaren zikintzean? Udalak mendi guztia garbitu behar du? Aurten 260 abeltzain inguruk baliatuko dituzte mendi libreko hektareak Baztanen. 7.731 biztanle gara eta gogoratu behar da herri lurrak direla eta baztandar guztiei dagokigu herri lurrekin zer egin eta nola kudeatu».
Gogoratu dute «mendiaz gain, bertzelako beharrak ere badaudela: 1.200 kilometro bide, 32 ur depositu, 14 ikastetxe, 7 mediku kontsultategi, 20 frontoi inguru… mantentze lanek soilik esfortzu handia suposatzen dute. Udal Gobernu Taldeak ez ditu nekazariak atzenduko, ezta gainerako baztandarrak ere».