Udal gobernuaren kudeaketari begira «alderdi batzuetan desadostasunak» dituela dio Baztango Independenteak taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 28a, 15:00

Baztango Independenteak taldekoen argazkia.

Udalaren agintaldiaren lehenbiziko balantzea egin du Baztango Independenteak taldeak. Beraien «hautagaitzak izandako inpaktua» azpimarratzearekin batera, kezkak zein diren esplikatu du. Bi zinegotzi ditu gaur egun taldeak Baztango Udalean: Pello Sarratea Sanzberro eta Andoni Irigoien Maritorena.

«Erantzunak berandu»

Prentsara bidalitako oharrean kezka sortzen dieten puntu batzuk aipatu ditu Baztango Independenteak taldeak, eta tartean, «kezka gehien sortzen zigun gaietako bat udalak obra baimenak ematerakoan edo bertze eskaerei erantzuterakoan zuen atzerapen handia» aipatu du. Horren harira, honela gehitu du: «Gaiari arreta paratzea nahikoa izan zen udalak 2023ko maiatzeko hauteskundeen aitzinetik hirigintzako hainbat tramite mugiarazteko. Baziren udalaren erantzunaren esperoan bizpahiru urte zeramatzaten kasuak». Bere ustez, «oraindik hobetzeko aunitz» gelditzen da eta Baztango Independenteak taldean «udalaren erantzuteko epeak laburtzen» saiatuko direla adierazi dute.

Nekazaritza Politika Bateratuak

Azken urtean udalean landu duten bertze gaietako bat «mendien banaketa eta Nekazaritza Politika Bateratuko kontuak» izan direla ere esplikatu du taldeak: «Azken urteotan oposizioak eta herrietako alkateek erreklamazio aunitz egin ondotik, mendiko hektareak banatu eta esleitzeko irizpideak ezarri dira, Baztango abeltzainen Nekazaritza Politika Bateratua deklaratzeko».

«Hektarea banatzeko irizpideekin, banaketa sistema eskatzen urteak» zeramatzatela dio taldeak oharrean, «joan den urtera arte, hektareen banaketa diferentea baitzen sektoreko profesionalendako, udalaren irizpidearen araberakoa». Horri lotuta, «emaitza aztertu» beharko dela ageri da oharrean; «eta hobekuntzak egiteko prest egon behar da».

«Desadostasunak»

Hortik aparte udal gobernuaren kudeaketari dagokionez, «desadostasun batzuk» dituztela adierazi du.

Alde batetik, Baztango Independenteendako «nahitaezkoa» da udalak hartzen dituen erantzunei «fiteago erantzutea».

Bertzetik, «behingoagatik mendiko herri lurren banaketa zuzenduko duen ordenantza edo araudia onartzeko» eskatu du: «Abeltzainek lehenbailehen jakin behar dute behin betiko ordenantza, beren artaldeak hobeto kudeatu eta egokitzeko. Ezin ditugu arauak aldatu partida erdian».

Lur faltaren gibelean «udal gobernuaren utzikeria» dagoela ere salatu du, «ez dute deus egin egoera lehengora bueltatzeko. Udalak aurten aurkeztu ditu lehenbiziko aldiz hektareak berreskuratzeko alegazioak Nafarroako Gobernuan. 400 hektarea berreskuratu dira, baina urteetan 5.000 hektarea baino gehiago galdu dira, eta joan den urtean, adibidez, mila hektarea galdu ziren».

Bertze kontu bat ere salatu dute independenteek: «Jakin dugunez, udalak gutienez lur partikular bateko bide zati bat asfaltatu du. Nahiz eta metro guti izan, edo nahiz eta egiten ari diren lan bateko brea izan, baztandarrei begira errespetu falta iruditzen zaigu, are gehiago, bide publikoak konpontzeko eta asfaltzeko gaur egun dagoen beharra zein den ikusita, baserrietara eta etxebizitzetara doazen pistetan eta bideetan kilometro aunitz baititugu».

Hiri Jarduketarako Plan Berezia da «kezka sortzen digun bertze gaietako bat». Planak «herritarrek artean kezka eta zalaparta eragin» duela bildu du taldeak oharrean, eta hala, «gure taldeak azaroko bilkuran alegazioak aurkezteko epea hilabete batez luzatzeko eskatu zuen». Zera gaineratu du: «planaren alderdi batzuk eztabaidatzen ahal ditugu edo ados egon gaitezke, baina hirigintzako egoera berdinetan izan den irakurketa bikoitza salatu nahi dugu, ez direlako modu berean edo irizpide berekin tratatu eraikin guztiak, eta beraz, horien jabeak ere ez».

Akitzeko, Baztango Independenteak taldearen irudiko, «udal organoek Nafarroako Administrazio Auzitegiak ematen dituen ebazpen guziak onartu beharko lituzke, gustatu edo ez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun