Lozy'sek langileen eskubideak urratu dituela ebatzi du Lan Ikuskaritzak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 10a, 13:30

Aste honetan ere langileek elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean.

ELA sindikatuak salatu duenez, greban dauden langileak langile berriekin ordeztu ditu enpresak, legez kanpo. Horrez gain, enpresak negoziazio kolektiboa oztopatu du eta langileak itxierarekin mehatxatu dituela salatu du ELAk.

Bi hilabete daramatzate greban Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileek, hitzarmen propioa lortzeko helburuarekin. Geroztik, ELAk hiru salaketa paratu ditu, enpresak langileen greba eskubidea urratzen duela adieraziz. Aste honetan Lan Ikuskaritzak bi ebatzi ditu, eta arrazoia eman dio sindikatuari; greban dauden pertsonak legez kanpo ordezkatzen ari dira. Hirugarren salaketa ebazteke dago oraindik.

Horrez gain, «enpresak negoziazioaren edozein aurrerapen blokeatzen duela» salatu dute, eta «enpresaren itxierarekin» mehatxatu duela. Hala ere, Nafarroako Gobernuak argi adierazi du gezurra dela enpresa gobernuarekin lanean ari denik bertze toki batera mugitzeko.

Hori dela eta, ELAk «negoziazioaren alde egiteko» eskatu dio enpresaren zuzendaritzari; «xantaia bertan behera uzteko eta langileekin adosteko gaitasuna erakusteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun